39. Lizardi Saria irabazi du Yolanda Larreategik

Dorleta Agiriano Lai 2021eko martxoaren 11

Markina-xemeindarrak 'Ur eta lur' ipuinari esker eskuratu du aurreneko saria. Apirilaren 18an izango da sari banaketa Zarautzen, Xabier Lizardi jaio zenetik 125 urte beteko diren egunean.

(Markina-Xemeingo Udala)

Aurten beteko dira 125 urte Xabier Lizardi jaio zenetik, eta 39 urte haren izena daraman literatura sariketa martxan jarri zenetik. Zarauzko Udaleko Kultura Sailak jakinarazi duenez, aurtengo edizioak ere badu irabazlea: Yolanda Larreategi Duralde. Zortzi urtetik gorako haurrei zuzendutako Ur eta lur ipuina aurkeztu zuen markina-xemeindarrak, eta 39. Lizardi Saria lortu du horri esker. Beste 32 pertsonak hartu dute parte sariketan.

Kati Olaizolak, Alex Gurrutxagak, Yolanda Arrietak eta Idoia Garzesek osatu dute epaimahaia. Haien esanetan, Larreategiren lanak "lehen esalditik bertatik kokatzen du irakurlea mundu fantastiko batean". "Istorio honek Japonia aldera garamatza, nenufar eta banbuzko paisaietara. Eremu hartan emandako pauso txikien bidez, protagonistek hainbat gai azaleratzen dituzte; guztien artean, indar apartekoa hartzen du heriotzarenak", azaldu dute. "Umore finak" eta "irakurleari han eta hemen egiten zaizkion apelazioek" josten dute narrazioa, xehatu dutenez.

Apirilaren 18an izango da Xabier Lizardiren jaiotzaren urtemuga, eta egun horretan egingo dute lehiaketako sari banaketa. Modelo aretoan izango da, 11:30ean. Horretaz gain, Ur eta lur argitaratuko du udalak, marrazkiekin apainduta, eta 4.000 euro ere jasoko ditu Larreategik sari modura.

Aurretik ere bi ipuin kaleratu ditu idazleak; hain zuzen, Zaharrak berri, euriak eta Bi txantxangorri haritz adarrean. Aurrenekoarekin Peru Abarka Saria eskuratu zuen 2006an, eta bigarrenari esker, sariketa berdina irabazi zuen 2020an.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide