Residencial Zigordia Berri S. Coop enpresari eman dio Zarauzko Udalak Zigordia kaleko 18. zenbakia osatzen duten bi eraikinetan zortzi etxebizitza egiteko obra lizentzia.
Udalak jakinarazi duenez, Zigordia kalera ematen duen eraikinaren fatxadak mantendu egingo dira babestuta dagoelako. Beste eraikina, berriz, Zigordia eta San Frantzisko kaleen bidegurutzean dagoena, bota eta egungo itxura mantenduta berriro eraikiko dute, "bi eraikinek babes maila ezberdina dutelako". Jakinarazi dute, baita ere, ezkaratz bakarra izaten jarraituko dutela biek.
Eraikiko diren zortzi etxebizitzak libreak izango dira, eta XS arkitektura estudioak egin du proiektua; kooperatibak berak egingo du etxebizitzen sustapena ere. Bertako bizilagunak eta negozioak birkokatzeko tratua egiteaz ere kooperatiba bera arduratu da.