Naroa Kerejeta: "Ni naiz adibidea, gazteok ere gaizki pasatu dezakegu koronabirusarekin"

Amaia Urbieta Arruti 2021eko otsailaren 13a

COVID-19a pasatu zuen azaroan gazte zarauztarrak, eta Etb 2ko saio batean izan da bizitakoen inguruko azalpenak ematen.

Momentu latzak bizi izan ditu Naroa Kerejeta 17 urteko gazteak koronabirusarekin. Azaroan pairatu zuen gaixoaldia kontatu du aste honetan Etb 2 telebista kateko Que me estas contando telebista saioan. Antza, geroz eta gehiago dira koronabirusak hasiera batean pentsa daitekeena baino gehiago eragiten dien gazteak. Horietako bat da Kerejeta. Azaroan ohartu zen burukominarekin zebilela, baina azterketa garaia zenez eta estu samar zebilenez, normaltzat jo zuen. "Gau batean mina areagotu zitzaidan eta kopeta beroa neukan; hotzikarak nituen, amari esan nion ez nengoela ondo", azaldu zuen telebistan. 38 gradutik gorako sukarra zeukan zarauztarrak. 

Osakidetzara deitu eta bertan esan zioten isolatzeko eta PCRa egiteko. Lehen proban zehaztugabe eman zuen eta bigarrenean positibo. Etxean geratu zen, bere gelan isolatuta, eta gaizki egon arren, klaseak online jarraitu zituen. Medikuak egunero deitzen zion zer moduz zegoen jakiteko, eta ez zitzaion sukarra jaisten. Badaezpada plaka bat egin zioten pneumoniarik zuen jakiteko, eta birika batean bi orbain ikusi zizkioten. "Pneumonia bilaterala neukan, eta protokoloak zioen ospitaleratu egin behar nindutela. Bakarrik joan nintzen larrialdietara aitari ez ziotelako etortzen utzi eta denbora asko egon nintzen zain. Han pasatu nuen gaua, baina gaztea naizenez eta jende helduagoa okerrago zegoenez, etxera bidali ninduten". Horren ondoren, ospitalean egon zenez, beste hamar egun igaro zituen etxean zarauztarrak. 

Hamar egun horien ondoren berriro gaizki jarri zen Kerejeta, sukarrarekin. Infekzioa izango zuela esan zioten larrialdietan. Denborarekin osatu da gazte zarauztarra, eta azaldu du gogorra izan dela esperientzia. Familiakoak eta ingurukoak gertu izan ditu, deiak-eta egin dizkiote sarri, baina esperientziak ohartarazi die berari eta bere ingurukoei koronabirusa gazteentzat ere larria izan daitekeela: "Ni naiz adibidea, gazteongan ere eragin handia izan dezake koronabirusak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide