Irigoien, Eizmendi eta Goenatxo III.a nor baino nor ariko dira gaur, 2020ko Gipuzkoako Harri Handien Txapelketako finalean

Aitziber Arzallus 2021eko otsailaren 6a

Berez, azaroaren 8an Zizurkilen jokatzekoak ziren finala, baina egoerak laguntzen ez zuela eta, jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten. Azkenean Asteasun izango da jaialdia gaur, 17:00etan hasita, ikuslerik gabe.

Gaur arratsaldean 2020ko Gipuzkoako Harri Handien Txapelketako finala jokatuko dute Asteasun, eta hiru parte hartzaileak eskualdekoak izango dira: Aimar Irigoien errezildarra, Jokin Eizmendi zarauztarra eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra. Lau eratako harriak altxatu beharko dituzte parte hartzaileek: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Harri bakoitzarekin bi minutuko txandak egingo dituzte, eta kilo gehien jasotzen dituen harri jasotzaileak irabaziko du txapela.

Azken bi urteotan Irigoien izan da Gipuzkoako harri handien txapelduna, eta hari aurrea hartzea izango da beste bi lehiakideen helburua. Iazko finalean bost harri jasotzailek neurtu zituzten indarrak, eta Eizmendi bigarren lekuan eta Goenatxo III.a hirugarrengoan gelditu ziren.

Berez, azaroaren 8an Zizurkilen jokatzekoak ziren finala, baina egoerak laguntzen ez zuela eta, bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Gaurko jaialdia ere Aian izatekoa zen hasiera batean, baina Aian eremu gorriko murrizketak indarrean dituztenez, jaialdia lekualdatzea erabaki dute azkenean. Hori horrela, Asteasun jokatuko dute finala, 17:00etan hasita, ikuslerik gabe.

Gipuzkoako Harri Handien Txapelketako finalarekin batera, Gipuzkoako Lokotx biltze Txapelketakoa ere jokatuko dute gaur, Asteasun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide