Aurtengo txakolinak ez du aitzakiarik. Emilio Ostolaza Getariako Txakolina jatorri izeneko presidentearen arabera, "urte aparta" izan da, nola kalitateari hala kantitateari dagokionez. Haren hitzetan, txakolin "biribila eta oso orekatua" lortu dute upategiek, 11,5-12 gradu ingurukoa, eta uzta aspaldiko oparoena izan da. 4.353.000 kilo mahats bildu dituzte sor-markako upategiek, 2019an baino %30 gehiago, eta hiru milioi litro txakolin ekoitzi dituzte; 3,9 milioi botila inguru. Datu horiexek eman zituzten joan den urtarrilaren 17an, uzta berria aurkezteko Getariako Balentziaga museoan egin zuten agerraldian. Orain, ekoizpena merkaturatzea dagokie upategiei, etxean egindakoa Euskal Herrian zein nazioartean saltzea, eta aurten inoiz baino gehiago saiatu beharko dute horretan, haizea ez baitute alde.
Iazkoa, gorabeherak gorabehera, "baleko" urtetzat jo daitekeela uste dute Ruth Mozo Getariako Txakolina sor-markako idazkariak eta Mikel Txueka Getariako Txomin Etxaniz upategiko administrariak. Mozok nabarmendu du urtarrila eta otsaila "oso hilabete onak" izan zirela, eta Txuekak uda "oso ondo" joan zela. Aurtengoari, ordea, zalantzaz begiratzen diote, eta gauza bera diote biek: pandemiaren bilakaerak baldintzatuko duela guztia. Mozoren ustetan, "zaila" izango da Aste Santurako egoerari buelta ematea, "baina ea udarako, behintzat, gauzak hobetzen hasten diren". Txuekarentzat ere hortxe egongo da gakoa: "Udan nola gauden, horrek baldintzatuko du gure urtea".
Erabat geldituta dena
Hiru aste dira aurtengo denboraldiari hasiera eman ziotela, eta, Mozoren esanetan, oraindik goizegi da ondorioak ateratzeko. "Esku artean daturik ez dugu eta". Baina aitortu du, "oraingoz, dena geldituta" dagoela. Antzera mintzatu da Txueka ere: "Gabonetan, ondo egin dugu lan, urtarrilaren hasieran ere zerbait bai, baina azkeneko bi asteotan, hilda dago dena".
Koronabirusari aurre egiteko indarrean dauden neurriei bota diete horren errua: mugikortasuna mugatuta egoteari; eta, batez ere, herri askotako ostalaritza guneak itxita egoteari, txakolina, gehienbat, tabernetan eta jatetxeetan kontsumitzen delako. "Herritik irten ezinak eragiten du kontsumoan, eta tabernen eta jatetxeen %80 itxita egoteak zer esanik ez", adierazi du Txuekak.
Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.