Ander Edok eta Arantxa Molinak eskainiko dute saioa.[/caption]
Zarauzko La Salle ikastetxeak ipuin kontaketa musikatua antolatu du datorren iganderako, urtarrilak 24. Imanol Urbieta Musika Eskolan izango da Ander Edok eta Arantxa Molinak sortutako ikuskizuna, Txori txiki non zaude?. Ipuinak kontatzen jardungo du Edok, eta Molinak biolin doinuekin girotuko du narrazioa.
1-3 bitarteko haurrei zuzendutako emanaldia da honakoa, "bereziki bi urtekoei", La Salleko arduradunen esanetan. Bi emanaldi egingo dituzte igandean, 10:30ean bata eta 11:30ean bestea. Segurtasun neurriak bermatze aldera, 50 pertsonako edukiera izango da saio bakoitzean.
Gonbidapen-txartelak beharko dira ipuin kontaketa saiora ikus-entzule gisa bertaratzeko. Sarrerak, hain zuzen, ostegunean eta ostiralean eskuratu ahalko dira La Salleko idazkaritzan.