Iruretagoienaren semeak «biktimen lepotik bizitzeari» uzteko eskatu dio PPri

Edu Lartzaguren-Berria 2021ko urt. 10a, 16:43

Zarauzko hilerrian atzo PPk eginiko ekitaldia kritikatu du ETAk hildako zinegotziaren semeak, eta nabarmendu du senide bakar bat ere ez zela joan horretara. Sare sozialetako mezuak albiste honetan jaso ditu Edu Lartzaguren 'Berria' egunkariko kazetariak.

Pablo Casado PPko presidenteak txio bat argitaratu zuen atzo gogoratzeko duela 23 urte ETAk bere alderdiak Zarautzen zuen zinegotzia hil zuela, hau da, Jose Ignacio Iruretagoiena. «Biktimak beti egongo dira geure memorian», idatzi zuen Casadok, «eta gaitzetsi egiten dugu [Espainiako] Gobernuak itunak egitea aste honetan terroristak kartzelan bisitatu eta 'erregimena botatzearekin' mehatxu egiten dituztenekin». Txioan argazki bat argitaratu zuen buruzagi popularrak; horretan, besteak beste Iruretagoiena agertzen da, haur batekin.

«Bai, Casado jauna: neu naiz argazki horretan agertzen den umea», erantzun dio Mikel Iruretagoiena hildako zinegotziaren semeak, beste txio baten bitartez. «Esan nahi nizun oso polita geratu zaizuela gaur [atzo] nire aitari eginiko omenaldia. Horren polita non geure familiako kide bakar batek ere ez duen parte hartu ekitaldian». Ironia kutsuarekin jarraitu du Iruretagoienak bigarren txio batean, eta biktimen familiekin horrela jokatzen jarraitzeko esaten dio PPko buruari, «primeran» ibiliko direlakoan. «Utzi biktimen lepotik bizitzeari, bada garaia zuen politika beste zer edo zertan oinarritzeko, geure hildakoetan barik. Utzi neure aita bakean, mesedez».

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide