Zarauzko Udalak aldaketak egingo ditu lokalak etxebizitza bihurtzeko udal ordenantzan

Onintza Lete Arrieta 2021eko urtarrilaren 2a

Xabier Txurruka alkateak azaldu du hamar urte egon dela indarrean ordenantza hori, eta sakoneko aldaketarik behar ez badu ere, zati batzuk berridatzi direla. Herritarrek urtarrilaren 15era arte dute aukera berrikusketa dokumentua irakurri eta ekarpenak egiteko. Hemen dokumentu osoa, egin nahi diren aldaketekin.

Zarauzko Udalak zenbait aldaketa egin nahi dizkio lokalak etxebizitza bihurtzeko udal ordenantzari, eta urtarrilaren 15era arte herritarrek aukera dute dokumentua irakurri eta ekarpenak egiteko. Izan ere, dokumentua eskuragarri jarri du udalak (hemen pdf-a). Kolore berdez ageri dira txertatuko diren aldaketak.

Xabier Txurruka alkateak prentsa ohar bidez gogorarazi du udalak 2010eko urriko osoko bilkuran onartu zuela ordenantza, eta ordutik aldaketa bakarra egin dela, 2017an, "are gehiago mugatuz gehieneko prezioa, erabaki zelako etxebizitza berriek erregimen bereziko etxebizitza tasatuak izan behar zutela".

“Ordenantza hori bultzatzea erabaki zenean, duela hamar urte baino gehiago, Zarauzko higiezinen parkean merkataritza itxaropenik gabeko lokal huts askoren aurrean geunden. Egoera horrek bultzatu zuen Zarauzko Udala eremu jakin batzuetan lokalen erabilera etxebizitzara aldatzea baimentzera. Hala ere, jarduera hori mantendu nahi zen merkataritza-jardueraren babesarekin uztartu behar zela ulertu zen”, azaldu du.

Txurrukaren esanetan, "azken urteetan hobetu egin da babestutako etxebizitza eskaintza Zarautzen, Aldapetan eta Salberdin eremuetan martxan jarri diren sustapenekin (1.000 etxebizitza baino gehiago, eta horien erdiak, gutxi gora-behera, babestuak)". Baina, hala ere, beharrezko ordenantza dela iritzi dio: "Etxebizitza eskuragarriaren eskaintzak murritzegia izaten jarraitzen du eta beheko solairuetan eraikitako ondareak behar bezala aprobetxatu gabe jarraitzen du hainbat gunetan”, azpimarratu du.

Eguneraketa helburu

Ordenantza eguneratzea izan da berrikusketaren helburu nagusia, aldaketak dauden arren, "sakoneko aldaketarik ez dagoelako". Hirigintza eta Ingurumen Departamentuak ordenantzaren testu berria idatzi du eta, berrikusketa jendaurrean egongo da urtarrilaren 15era bitartean, herritarrek euren ekarpenak egin ahal izateko.

Ekarpenak Udaleko Hirigintza departamendura bideratu beharko dira, hirigintza@zarautz.eus posta elektronikoan edo Herritarren Arreta Zerbitzuan erregistratuta, Kale Nagusian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide