Zarautzen ireki dute izena emateko epea helduen igeriketa ikastaroetarako

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 29a, 13:25

Udalak jakitera eman duenez, okerrik ezean, ikastaroa urtarrilaren 9tik martxoaren 27ra egingo da, larunbatetan. Bi maila egongo dira: igerian ikasi nahi duten hasiberrientzako bat, eta igeriketa teknika hobetu nahi dutenentzatko, bestea. Izena emateko epea zabalik da atzotik, eta urtarrilaren 5ean amaituko da.

Pandemiaren kontrako neurriek uzten duten heinean, urtarriletik martxora helduentzako igeriketa ikastaroa eskainiko du Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiak. Izena emateko epea zabalik dago urtarrilaren 5era arte, eta ikastaroari buruzko xehetasunak ere eman ditu udalak. 2021eko aurreneko hiruhilekoko ikastaroa urtarrilaren 9an hasiko litzateke, eta martxoaren 27an amaitu. Larunbatetan eskainiko lukete, hasiberrientzat 09:30ean eta 12:30ean, eta teknika hobetu nahi dutenentzat 08:00etan eta 11:00etan. Abonatuek 51, 45 euro ordainduko dute ikastaroa, eta ez abonatuek, berriz, 92,25 euro.

Guztira lau talde antolatuko dira, bina maila bakoitzean. Taldeak gehienez sei pertsonakoak izango direla azaldu du udalak, eta kale bakoitzean hiru pertsona ibiliko direla igerian.

Izena emateko inprimakia bete behar da, eta hori Aritzbataldeko Harreran aurkeztu. Ikastarorako dagoen tokia baino izen-emate gehiago baleude, zozketa bidez erabakiko lukete nori eman ikastaroa eta nori ez. Hori urtarrilaren 7an jakinaraziko lukete.

Informazio gehiago nahi duenak Harrerara jo dezake, kirola@zarautz.eus helbidera idatzi, edo telefonoz deitu, 943-00 51 23 zenbakira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide