Orioko kanpoko barran korrika zebilen arraunlari bat bota du olatuak

Intza Unanue Arruabarrena 2020ko abenduaren 28a

Anbulantziak Orioko Aitzondon (Intza Unanue)

Itsasoa zakar dabil gaur, olatuak Orioko kanpoko barra pasatzen ari dira goiz partean, eta horietako batek pertsona bat barrako goiko partetik behekora bota du. 112 larrialdi zerbitzura deitu duen herritarrak hedabide honi kontatu dionez, sei arraunlari korrika saioa egiten ari ziren barran, eta une hartan ez zebilen olatu handirik. Ordea, halako batean, olatu bat atera da, eta arraunlarietako bat bota egin du beheko partera. Han min hartuta gelditu da, buruan kolpe handiarekin.

Anbulantzia, udaltzainak eta ertzainak bertaratu dira, eta anbulantzian dago min hartutako kirolaria. Herritarraren arabera, Zarautz Arraun Elkarteko arraunlaria da min hartu duena, baita beste bostak ere.

Olatua Orioko kanpoko barra igarotzen (Intza Unanue)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide