"Gustura gaude jostailu bilketak zarauztarren artean izan duen harrerarekin"

Aiora Larrañaga 2020ko abenduaren 26a

Gurutze Gorriko boluntarioek jostailu bilketa egin dute, beharra duten familien artean banatzeko, eta kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu Enrique Sanchez (Zarautz, 1967) arduradunak.

Zer moduz joan da aurtengo jostailu bilketa?
Gustura gaude aurtengo jostailu bilketarekin. Jostailu berriak eskatu genituen, beharra duten familietako haurrei emateko, eta herritarrek oso ondo erantzun dute. Ekarri dizkiguten ia jostailu denak berriak dira eta plastiko eta guzti ekarri dizkigute; bigarren eskukoren bat ere entregatu digute, baina erabili gabea. Guk jostailu horiek Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean bideratuko ditugu familiengana.

Zenbat egunetan egin duzue bilketa?
Bi larunbatetan postua jarri dugu itsas pasealekuan; toki ona iruditzen zaigu bertatik pasatzen den jende guztiak ikus gaitzakeelako. Gaur, esaterako, azken eguna da eta eguerdiko 13:00ak arte izango gara bertan; beraz, nahi duena etor daiteke jostailuak ekartzera. Jostailuez gain, jende asko dirua ematen ari zaigu, guk jostailuak erosi ditzagun. Gustura gaude ekimena izaten ari den harrerarekin.

COVID-19a dela eta, urte arraroa izan da aurtengoa, Gurutze Gorrian aldaketarik antzeman al duzue?
Ezkutuko lan handia egin du aurten Gurutze Gorriak, eta herritarrek eskertzen dutela uste dut. Adineko jende asko pandemiarekin oso kezkatuta dago; telefonoz deitzen diegu zer moduz dauden galdetzeko, eta beren etxeetara ere joaten gara behar dutenean laguntzera edo janaria eramatera. Bestetik, Caritasekin elkarlanean, janaria banatzen dugu beharra duten familien artean, orain arte ehun tona inguru banatu ditugu. Lan handia da, baina guztiz beharrezkoa. Nik 36 urte daramatzat Gurutze Gorrian boluntario gisa lanean, eta azpimarratu nahi nuke ematen duguna baino gehiago jasotzen dugula bueltan, jendeak asko eskertzen baitu egiten dugun boluntario lana.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide