1,5 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak Getariako portuko babes dikea sendotzera

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abenduaren 22a

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrekontua aurkeztu du gaur Arantxa Tapia sailburuak. Iragarri duenez, Portu eta Arrantza Zuzendaritzetara 32,2 milioi bideratuko dituzte orotara.

Gaur aurkeztu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburuak 2021ean Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak izango duen aurrekontua. Guztira, 654,1 milioi euroko aurrekontua izango du Sail horrek, iaz baino %9,4 gehiago. Tapiak azaldu du aurrekontuaren helburuak direla "jarduera ekonomikoa eta enplegu-sorrera berreskuratzea" eta "Euskadiko enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzeko helburu argiarekin, gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik garapen ekonomiko iraunkorra bultzatzea".

Beste hainbat arloren artean, jakinarazi du 32,2 milioi euro bideratuko dituztela Portu eta Arrantza Zuzendaritzetara, eta diru hori hainbat portu zein kofradia konpontzeko eta berritzeko erabiliko dute; tartean, Getariakoa. Zehazki, aurreikusi dute 1.525.000 euro bideratuko dituztela bertako portuko babes dikea sendotzera. 

Uholdeen prebentzioa Zarautzen

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 32 milioi euroko partida bideratuko du Ura Uraren Euskal Agentziara, eta diru hori erabiliko dute "uretako ekosistemak saneatzeko, leheneratzeko eta babesteko, uholdeen aurreko hobekuntzarako eta ura hobeto kudeatzeko digitalizazio-prozesuetarako". 18,6 milioiko inbertsioa egingo dute uholdeen aurkako jarduketetan, eta iragarri dute hainbat herritan egingo dituztela eskuhartzeak; tartean, baita Zarautzen ere. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide