Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeak egin zituzten atzo, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta Garai Berriak taldearen hautagaitzak irabazi zituen bozak. Federazio horretako batzordekideak izango dira, gainera, eskualdeko bi ordezkari: Jon Ander Azkue azkoitiarra eta Zarauzko bizilaguna eta Iñigo Arregi azpeitiarra.
Azkue Anaitasunako diruzaina izandakoa da; Azkoitiko klubak ere Garai Berriak hautagaitzaren aldeko apustua egin zuen, Pedro Urdapilleta Anaitasunako presidentea ere hautagaitza taldeko kidea baita. Arregi, berriz, Lagun Onak futbol taldeko presidentea da egun. Manu Diaz bergararra da Garai Berriak taldearen gidari, eta, beraz, hura izango da Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea aurrerantzean.
Guztira, 109 batzarkidek parte hartu zuten Gipuzkoako Futbol Federazioaren urteko batzarrean eta bidez batez hauteskundeetan –jokalarien eta areto futboleko seina ordezkari, entrenatzaileen hamar ordezkari eta 78 klubetako ordezkari–, eta 58 batzarkideren babesa jaso zuen Garai Berriak taldeak. Gipuzkoa: Denon joko-zelaia taldeak, berriz, 51 batzarkideren babesa jaso zuen. Juan Luis Larrea orain arteko presidentearen ildoak, beraz, utzi egingo du kargua 33 urteren ondoren.