COVID-19ak hankaz gora jarri ditu udalek urtearen hasieran onartu zituzten aurrekontuak. Pandemiak espero gabeko gastuak ekarri dizkie, eta, aldi berean, espero zituzten diru sarrerak murriztu. Guztiei gelditu zaie, ordea, aurreikusitakoa baino gutxiago gastatu duten diru sail bat: festetara bideratu beharrekoa. Diru horrekin zer egin duten azaldu dute Urola Kostako hainbat udalek.
Aia
Aian San Donato eta San Lorentzo jaiak ospatzen dituzte abuztuaren hasieran, baina hango udalak bertan behera utzi zituen, pandemia bete-betean murgilduta, egoerak horretarako aukerarik ematen ez zuela arrazoituta. Dena dela, babes neurriak errespetatuta eta edukiera mugatuarekin, hainbat ekitaldi antolatu zituzten egun horietan Aian: bertso jaialdia, Zoaz pake santuan antzezlana, Puro Relajo eta Zetak musika taldeen kontzertuak, Hodei Magoaren ikuskizuna eta herri kirol jaialdia, besteak beste. Udalak ekitaldi horiek antolatzeko erabili zuen festetarako dirua. Emanaldiek bi euroko sarrera sinbolikoa izan zuten, eta bildu zuten dirua EITB Maratoira bideratu du Aiako Udalak, COVID-19aren ikerketan laguntzeko.
Aizarnazabal
Aizarnazabalgo Udalak 1,4 milioi euroko aurrekontua zuen 2020rako, eta hortik 47.000 euro gorde zituen festetarako. Urtean zehar bi festa nagusi ospatu ohi dituzte han: maiatzaren 8aren bueltan Samiel Txikiak eta irailaren 29aren buelatan samielak. Horietaz gain, ekainean Jan Sano eta Bizi Pozik azoka egiten dute, eta uztailean, Sagardo Eguna. Aurten ezer egiterik izan ez dutenez, gordeta zuten dirua beste gauza batzuetarako erabili du udalak.
Festetan gastatu ez duten diruaren erdia baino gehixeago —24.800 euro— koronabirusak sortutako beharrei erantzuteko erabili du: COVID-19ak larrialdi egoeran utzi dituen familiei laguntzeko 15.000 euro; herritarrentzat maskarak erosteko 2.169 euro; herriguneko desinfekzio lanetarako 2.300 euro; eta eraikin publikoetan egin dituzten garbiketa berezietarako 2.300 euro. Beste 13.200 euro irisgarritasuna bermatzeko inbertsioetara bideratu ditu: 5.000 euro gastatu ditu eskolako komunak egokitzen, eta 8.200 euro Atari Soro pilotalekuan sarrera berri bat irekitzen. Gainontzeko 9.000 euroak herriko zerbitzu orokorretara bideratu ditu.
Azkoitia
Azkoitiko Udalak 15,1 milioi euroko aurrekontu propioa zuen 2020rako, eta hortik milioi bat euro pasatxo bideratu zuen kirolen eta festen sailera, aurrekontu guztiaren %6,7. Hala ere, ez dago zehazki jakiterik hortik zenbat zen kiroletarako eta zenbat festetarako, baina bai zenbat gorde zuen herriko festa nagusietarako, 168.000 euro hain zuzen: 140.000 euro andramaixetarako eta 28.000 euro sanandresetarako. Andramaixetarako dirutik 6.715 euro gastatu zituen Andramari eguneko pilota partidak-eta antolatzen, baina gainontzekoa 161.285 euroak hor gelditu ziren.
Gastatu gabe gelditu den diru hori gerakinetara bideratuko du Azkoitiko Udalak, pandemiak sortutako beharrei erantzuteko hango dirua erabili behar izan baitu. Festetan dirurik gastatu ez arren, sortu zaizkion gastuak gastatu gabe gelditu zaion diru kopurua baino handiagoak izan direla zehaztu du. Gogorarazi du 230.000 euro inguruko laguntzak eman dizkiela Gurutze Gorriari, merkatariei, ostalariei eta beste zerbitzu batzuei, eta diru laguntza zuzenez gain, beste modu bateko laguntzak ere eman dizkiela: erosketa bonuak atera dituela, zaborraren eta terrazen tasetan hobariak agindu dituela, eta abar.
Datorren urtera begira, berriz, ezin jakin zenbat diru bideratuko duen festetara, oraindik ez dituelako aurrekontuak onartu. "Konpromiso handiei" eusteko asmoa duela aurreratu du, "baina ikusiko dugu nola borobiltzen ditugun kontuak; zorpetzeko ahalmena dugun arren, diru sarrerak jaisteak esan nahi du, nahitaez, nonbaiten antzeman egingo dela".
Azpeitia
Azpeitiko Udalak 20,2 milioi euroko aurrekontu propioa zuen 2020rako, eta hortik 549.000 euro bideratu zituen festetara, aurrekontu guztiaren %2,7. Baina diru hori guztia ez zen zuzenean festak finantzatzeko; udalak Musika Bandarekin eta herriko beste zenbait eragilerekin dituen hitzarmenetarako dirua ere hortik ateratzen da, besteak beste. Beraz, horiek kenduta, udalak urtearen hasieran 415.000 euro gorde zituen herriko festak eta horiei lotutako ekintzak ordaintzeko.
Diru hori hiru zatitan banatu zuen. Batetik, poltsa nagusian 290.000 euro jarri zituen, herriko festak nagusiak —saninazioak, karnabalak…— eta urteroko ekintzak pagatzeko —Gabonetako ekintzak, haur parkea, erregeen kabalkada…—. Festa bakoitzera ez du diru kopuru zehatz bat bideratzen; 290.000 euroko diru poltsa horretatik finantzatzen ditu festa nagusiak, baina antolatzen dituzten ekintzen arabera, aldatu egiten da kopurua. Bestetik, auzoetako festak ordaintzeko poltsan 80.000 euro jarri zituen. Auzotarrek antolatzen dituzte horiek, eta udalak dirulaguntza ematen die auzoetako elkarteei. Azkenik, festei lotutako beste ekintzak pagatzeko poltsan 45.000 euro jarri zituen. Diru hori ekintza bereziak finantzatzeko erabiltzen du udalak: erraldoien erreplika txikiak ateratzeko, udako ekintzen barruan Goenan antolatu zuten oztopo zirkuiturako, eta abar.
Urtearen hasieran koronabirusaren arrastorik ez zenez, azpeitiarrek gogotik ospatu zituzten sansebastianak eta karnabalak, eta Matxinbentan Santa Ageda festak ere egin zituzten otsailaren hasieran. Baina hor bukatu ziren normaltasunak, eta ez zuten gehiagorako aukerarik izan. Ekitaldi sinbolikoren bat Urrestillako sanjuanetan, mezaren bat saninazioetan, baina festarik ez. Ondorioz, festetarako gordetako diruaren herena besterik ez du gastatu udalak, 132.000 euro, hain zuzen: poltsa nagusitik 110.000 euro, auzoetako festen poltsatik 1.000 euro, eta bestelako ekintzen poltsatik 21.000 euro.
Eta udalak zer egin du edo egingo du sobratu zaion diruarekin? Gerakinetara bideratuko du. "Egoera horren ezohikoa eta ezegonkorra izanda, festetako diru hori ez dugu beste sail batzuetara mugitu, eta pandemiak sortu dizkigun aparteko gastuak ordaintzeko gerakinetan genuen dirua erabili dugu, aukera hori bagenuelako". Ostalarientzako eta merkatarientzako, kontziliaziorako eta sustapen ekonomikorako laguntza lerroak gerakinetan zuen diruarekin sortu edo indartu ditu, "aurreikusten genuelako beste hainbat poltsatako dirua ez genuela gastatuko", festetakoarekin gertatu den bezela. Gastatzen ez duen diru hori guztia gerakinetara joango da urtearen bukaeran.
Datorren urterako, berriz, udalak erdira murriztu du festetarako aurrekontua. Leire Goenaga zinegotziak honela arrazoitu zuen murrizketa, 2021erako aurrekontuak onartu zituzten udalbatzarrean: "Ez dakigu 2021eko ekainean nola egongo garen. Dakiguna da urtearen hasieran, behintzat, ez garela egoera normal batean egongo. Badakigu festa batzuk ez ditugula antolatuko eta, ondorioz, diru gutxiago beharko dela. Urtea aurrea joan ahala, espero baino lehenago hasten bagara ekintzak antolatzen eta urtearen bukaerara jarritako diruarekin iristen ez bagara, berrezarriko ditugu lehentasunak. Baina gaur-gaurkoz ez da posible, eta ez dauka zentzurik 2020. urte hasierako aurreikuspen berdinak egiteak".
Beizama
Festetako diruaren zati bat Beizaman Korosagasti filma proiektatzeko erabili zuen hango udalak, eta beste zati bat San Antonio egunean egin zuten herri bazkaria ordaintzeko. Dena dela, ordaindik ez du gastatu diru guztia, "beste gastu partida batzuk mantentzea lehenetsi delako".
Errezil
Errezilgo Udalak 765.000 euroko aurrekontua zuen 2020rako, eta horietatik 14.000 euro gorde zituen herriko festetarako. Bi festa nagusi izaten dituzte han: sanantonioak ekainean eta samartinak azaroan. Normalean, udaberriko jaietan, eguraldia lagun, diru gehixeago gastatzen dutela azaldu du Xebero Agirretxe herriko alkateak, baina aurten ez dutela bietako inor ospatzerik izan. Dena dela, diru aterabidea eman diotela esan du, "azkar asko eman ere". Erdia, festetako partidan uztea erabaki zuten. Hortik pagatu zuten Euskaraldiaren bueltan antolatu zuten bakarrizketa saioa, eta litekeena da Gabonen bueltan eskolan zerbait antolatzea ere; aukera hori aztertzen ari direla esan du Agirretxek. Beste zati bat, berriz, festetako materiala —edalontziak, kamisetak…— erosten gastatu dute.
Gainontzeko 7.000 euroak, berriz, "beste inbertsio batzuetara" bideratu dituztela esan du alkateak; duela aste batzuk izandako haizeteak puskatu zien kanposantuko horma konpontzera eta baserri bideak txukuntzera, hain zuzen.
Hurrengo urtea nolakoa izango den jakiterik ez dagoen arren, Errezilgo Udalak erabaki du aurrekontuetan aurtengo diru kopuru bera jartzea festetarako: 14.000 euro. Agirretxeren hitzetan, "pena litzateke diru gutxiegi jarri dugulako festak ospatu ezinik gelditzea; eta festetan gastatzeko aukerarik izaten ez badugu, laster emango diogu aterabidea".
Getaria
Abuztuaren hasieran ospatzen dituzte Salbatore jaiak Getarian, eta aurtengoan, festetarako aukerarik izan ez dutenez, udako kultur ekitaldietara bideratu du udalak jaietarako gordeta zuen aurrekontuaren zatia. Uztailaren 31tik irailaren 20ra, hamaika ekitaldi antolatu zituzten.
Orio
COVID-19aren izurriterik izan ez balitz, oriotarrak oraintxe ariko ziren sanikolasetako ajeari buelta ematen, baina aurtengoan ez dute horiek ospatzeko aukerarik izan, eta ezta sanpedroak ere. Hori horrela, festetarako aurreikusitako diru partida ekintza sozio-kulturaletara bideratu du hango udalak. Xabier Ibarguren Orioko Kultura batzordebururen hitzetan, "egoerarik zailenean ere, kulturan inbertitzea eta indarra jartzea ezinbestekoa da, kulturak herriaren nortasuna eragin eta garatzen duelako. Kultura identitatea eta nortasuna ez ezik, aberastasuna eta osasuna ere badela ulertzen du Orioko Udalak".
Ibargurenen esanetan "pozgarria" da herritarrek kultur eskaintzari egin dioten harrera. "Orain arte, salgai edo eskuragarri jarri ditugun sarrerak bi arratsaldetan ahitu dira. Erantzun horrek zuzenean adierazten du herritarrek behar dutela horrelako eskaintza oparoa" .
Orioko Kultura batzordeburuaren ustez, "COVID-19ak argi utzi du behin eta berriz aldarrikatu dugun kulturaren beharrezkotasuna. Orioko Udal Gobernuak argi izan du kulturan ere indarra jarri beharra zegoela, eta horretara datoz udan zehar ere antolatu ditugun kultur jarduera eta ikuskizunak: kontzertuak, emanaldiak, zirkua eta bestelako kultur ikuskizun guztiak. Ahal den heinean, dekretu eta osasun jarraibide guztiek baimentzen duten bitartean, aurretik ere areagotzen ari ginen eskaintzari eusten jarraitzeko asmo eta indar guztia jarri du Orioko Udalak", azaldu du Ibargurenek.
Zarautz
Zarautzen ere bertan behera geratu dira, besteak beste, sanpelaioak eta Euskal Jaiak. Horietan gastatu ez duen dirua Gizarte Zerbitzuetara bideratu du udalak, baita merkatari eta ostalariei bideratutako diru laguntzetara ere.