Bihar amaituko da Zarauzko udal aurrekontuen harira proposamenak egiteko epea

Onintza Lete Arrieta 2020ko abenduaren 9a

Aurreko urteetan egin bezala, 2021eko udal aurrekontuak osatzeko ere herritarren iritzia jasoko du Zarauzko Udalak. Pandemiaren eraginez, aurrez aurreko bilerarik ez da egin auzotarrekin, eta horren ordez, postontziak jarri dira herriko hainbat gunetan eta auzoetan. Proposamenak online bidaltzeko aukera ere badago.

Artxiboko irudian, udal aurrekontuei buruzko bilera ireki bat.

Zarauzko Udalak prozesu parte hartzailea jarri du martxan aurten ere, udal aurrekontuak osatzeko herritarren iritzia eta proposamenak jasotzeko helburuarekin. Beste urteetan herritarrekin bilerak egin izan dituzte udal ordezkariek auzoetan nahiz erdigunean, baina aurten, pandemiaren eraginez, beste sistema bat erabili dute. Izan ere, herriko zortzi auzo eta gunetan postontziak jarri dituzte. Horrez gain, iritzia online emateko aukera ere badago.

Azaroaren 27an zabaldu zen parte hartzeko epea, eta bihar, abenduak 10, amaituko da. Hiru bide dituzte herritarrek parte hartzeko: idatzia postontzietan uztea da aukeretako bat–Vista Alegre auzo elkartean, udaletxearen eraikin zaharrean nahiz berrian (Etxezabala), Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean–, bestea udalaren webgunetik egitea ekarpena –zarautz.eus–, eta azkenik, proposamenak partehartu@zarautz.eus korreo elektronikora bidaltzea.

Parte hartzeko baldintza bakarra herrian erroldatuta egotea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide