Santa Klara inguruko trenbide ondoko bi pasabideak itxi dituzte Zarautzen

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abenduaren 4a

Zarauzko Salberdingo urbanizazio lanak direla-eta itxi dituzte bi pasabideak. Oraindik ez dute aurreikusi zehazki noiz arte egongo diren zarratuta.

(Zarauzko Udala)

Udalak aurreko astean jakinarazi zuen astelehenean itxiko zutela Salberdingo aparkalekua. Mesill enpresa zegoen partzela egokituko dute aparkaleku modura, eta 100 auto inguru kabituko dira espazio berrian.

Salberdingo urbanizazio lanen eraginez egin dute aldaketa hori, eta udalak gaur azaldu du behin-behineko beste neurri bat sartu dutela indarrean obraren ondorioz: Santa Klara komentua inguratzen duen trenbideko bi pasabideak itxita egongo dira momentuz, hain zuzen, Salberdingo aparkalekutik Paxo igarobidera joateko pasabidea, eta alderantziz, Paxo igarobidetik Salberdingo aparkalekura abiatzeko igarobidea.

Udalaren arabera, oraindik ez dute aurreikusi zehazki noiz arte izango diren zarratuta trenbide alboko bi pasabide horiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide