Aitziber Sarobe: "Basoen kalitate ekologikoak bermatzen du bioaniztasuna"

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza 2020ko aza. 28a, 14:34

Naturari dion maitasunak bultzatuta, Aitziber Sarobek hura kontserbatzeko borrokan darama bizitza guztia. Bidean aldeko baino kontrako gehiago topatzea "nekagarria eta etsigarria" izan daitekeela onartu duen arren, berean jarraituko du lanean.

Militante ekologista izatea ez da nolanahiko erronka. Aitziber Sarobe Egigurenek (Zarautz, 1974) ondotxo daki hori. Babesik apenas, eta kontrarioak alde guztietan. Baina, hala ere, hor jarraitzen du, nekaezin. Gauzak oso argi ditu, beti izan ditu, eta halaxe azaltzen ditu, entzun nahi dituenarentzat.

Nor da Aitziber Sarobe?

Emakume euskaldun ekologista bat. Korronte ideologiko asko daude ekologismoan, eta natur kontserbazionista naiz ni. Hala ere, gustatzen zait ekologista esatea, hitzak oso konnotazio txarra hartu duelako, baina inoiz baino beharrezkoagoa delako. Ikasketaz, berriz, ekologoa naiz, ekologian espezializatutako biologoa. Eta aldarrikatu nahi dut nire idearioan badagoela natur kontserbazioaren ikuspegitik herria eraikitzeko borondate bat; horrek egiten nau ekologista.

Ingurumenak interesa eta kezka sortzen dizkizu. Noiztik gertatzen zaizu hori?

Umetatik; basabizitzak beti liluratu izan nau, eta txikitatik oso argi eduki izan dut zer ikasi nahi nuen. Gure aita zena ehiztaria zen, eta baserri batean hezi nintzen ehiztari baten alaba izanda. Bi kultura horiek bizi izan ditut, basabizitzaren eta norberak hazten dituen azienden arteko logika horiek, eta kuriosoak dira. Aitak eramaten ninduen ehizara, eta gogoan ditut basoko hezetasun usain hura eta egoten zen isiltasuna. Oroitzapen politak eta goxoak dira, baina kontraesankorrak ere bai. Izan ere, gure aitak hildako piztiak ekartzen zituen gero. Oso deigarria egiten zitzaidan nola hil zitzakeen maite zituen animalia haiek, eta nola jasotzen zuen etxekoen gutxiespena; amak eta izebek esaten zioten ez hiltzeko animalia gaixo haiek, etxean bagenituela ederki hazitakoak. Horretaz gain, Felix Rodriguez de la Fuenteren garaikoa ere banaiz, eta haren programak gure etxean liturgia ziren, kristauentzat meza baino inportanteagoak.

Oso gazte hasi zinen Zarauzko Arkamurka natur taldean parte hartzen, eta han jarraitzen duzu oraindik. Nola iritsi zinen hara?

Zarauzko ikastolan izan nuen irakasle bat, Jose Luis Perez Izquierdo Joxepo: Izadi taldeko militantea zen, eta hark gonbidatu gintuen elkartera joatera. Han ikusi nuen bazegoela jendea gauza horietan ibiltzen zena, eta joaten hasi nintzen; 14 bat urte izango nituen. Gero, biologia ikasten hasi nintzen; ulertu nuen horrelako talde bat zertarako behar den, eta orduan hasi nintzen nire prestakuntza akademikoa eta militantzia uztartzen, denari zentzua ematen. Arkamurkak erakutsi dit natur kontserbazioaren aldeko borrokak oinarri zientifikoa behar duela izan, eta kaleko militantzia ere eraiki behar dela ezagutzaren gainean.

Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek sortutako Naturkon taldeko kide ere bazara. Noiz eta zertarako sortu zenuten Naturkon?

2011ko legealdian diputazioa EH Bilduk hartu zuen, eta aldaketarako ate bat zabaldu zen Gipuzkoan natur kontserbazioaren eta ekologismoaren bueltan ibiltzen ginenontzat. Mendiak eta Naturaren Zaintza zuzendaritza eskuz aldatuko zen behingoz, eta ikusi genuen momentua zela denok elkartu eta planteamendu berri bat egiteko, zuzendaritza hori beste modu batera kudeatzeko. Aldundiak kudeatzen du baso politika, bioaniztasuna bideratzeko tresnarik garrantzitsuena, eta aldundiak kudeatzen du parke natural edo babestutako eremuetarako politika ere; horregatik joan ginen aldundira ate joka.

Eta zer gertatu zen?

Borroka izugarria izan zela. EH Bilduk Julian Unanue jarri zuen kargu horretan, eta Unanuek interes pribatuak zituen basogintzan. Sekulako kolpea izan zen guretzat. Unanue kargutik kentzea lortu genuen, baina berandu zen ordurako, eta natur kontserbazioari lotutako aurrekontuak urtebetean bakarrik egin zituen aldundiak. Ez zuen denborarik eman kultura berri bat sortzeko, eta lehengo logiketara eta pentsamenduetara bueltatu gara; natur kontserbaziorik gabe jarraitzen dugu, bioaniztasunaren aldeko politikarik gabe, eta kortijoak balira bezala kudeatzen dituzte parke naturalak.

Ekologistek, oro har, ez duzue ospe onik. Erakundeetan ez duzue babesik, eta parez pare dituzue beste hainbat sektore ere. Ez da samurra izango…

Ez, oso nekagarria eta etsigarria da. Politikoki sortu da ekologismoa mamutzat hartzeko behar bat, ekologismoak aurre egiten diolako garapena ulertzeko modu bati, bai landa eremuan, bai kalean, bai industrian. Ekologismoak ezbaian jartzen du edozein garapen eredu, dauzkan ondorioengatik; hortaz, ekologistak mamu bihurtzea mesede da denentzat, eta mamuak gara artzainentzat, baserritarrentzat, etxeak egiten dituztenentzat… Eta hortik eraikitzen dute diskurtsoa, hasten direnean esaten ekologista guztiak kaletarrak direla, baserriko bizimoduaz ezer ez dakitela… Gezur handi bat da hori, eta ni naiz adibide bat: ehiztari baten alaba naiz, baserrian hezia, ekologoa, kaletarra, eta, gainera, emakumea eta euskalduna.

Gaur egun, zer-nolako harremana daukazue aldundiarekin?

Ez daukagu harremanik. Esaten dute jasangarritasunak oreka bat bilatu behar duela ustiapenaren eta kontserbazioaren artean, eta horretaz eztabaidatu nahiko genuke guk, baina ez daukagu zeinengana jo, ez gaituzte nahi; ekologistak gaude erabat baztertuta. Eta, aldi berean, gu bazterrean uzten gaituzten gobernu horiek klima larrialdi egoera aldarrikatzen ari dira. Txiste bat da, dena da kontraesan handi bat eta gezur bat. Ezin duzu esan garapen jasangarriaren inguruko plangintzak egiten ari zarela, AHTak eta metroak egiten jarraitzen duzunean, eta zure aurrekontuen ehuneko ikaragarri bat txikiziora bideratzen duzunean.

Fronte pila bat dituzue zabalik, baina lehentasunak jartzen hasita, zeintzuk dira presa handiena duten gaiak?

Landa eremuan, basogintza; eta kalean kontsumo ereduaren ingurukoa da daukagun gerra.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atari digitalean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide