Gipuzkoako Foru Aldundiak foru gobernua berregituratzea onartu du gaur goizean, eta horretarako, hainbat kargu aldaketa egin ditu. Horietatik esanguratsuena izan da Jokin Perona oriotarra Ogasun eta Finantza diputatu izendatzea. Enpresen administrazio eta zuzendaritzan lizentziatua da Perona, Kutxan partaidetza analista gisa jardundakoa, eta bost urte zeramatzan foru ogasunaren zuzendari karguan. Gaurtik aurrera, baina, departamendu horretako diputatua izango da.
Perona kargu horretan jarri dute azken bost urteotan Ogasun eta Finantza diputatu izan den Jabier Larrañaga azpeitiarra Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurumen diputatu izendatu dutelako; gaur arte, Ainhoa Aizpuru gabiriarrak zuen kargu hori. Markel Olano ahaldun nagusia izan da aldaketak proposatu dituena, eta berak azaldu du Larrañaga proposatu duela aldundiaren estrategia ekonomikoaren gidari izateko, besteak beste, lurraldeko enpresen inguruan duen ezagutza zabalagatik eta haiekin duen harremanagatik. Larrañaga arduratuko da Next Generation Europako funtsen inguruan diputazioak gainontzeko erakundeekin dituen harremanetaz ere. Olanok adierazi du funts horietara "susperraldi ekonomikorako motor" izan daitezkeen proiektuak aukeztu dituela aldundiak, eta horregatik, proiektu estrategikoen alorra zuzendaritza bilakatuko dela, Larrañaga buru duen departamenduaren barruan.
Imanol Lasa, berriz, ahaldun nagusiaren kabineteko kide izango da aurrerantzean, Olanok berak hala erabakita. "Pandemiak eragindako eta bizkortutako eraldaketa sozioekonomikoen sakontasuna" dela-eta, hurbilen duen tantaldea indartzea erabaki du Olanok, eta han ariko da zarauztarra, aldundiko azterketa eta estrategia arduradun gisa. Prestakuntzaz soziologoa da Lasa eta gobernantzarekin eta ekonomiarekin lotutako gaietan ezagutza zabala du.
Olanok azaldu du foru gobenua berregituratzea erabaki dutela "pandemiak sortutako krisiaren aurrean aldundiaren estrategia ekonomikoa indartzeko, eta gertatzen ari diren eraldaketa sozioekonomiko izugarrien aurrean erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna areagotzeko".