Hego Euskal Herriko hamairu herri eta hiritan egingo du protesta Gazte Koordinadora Sozialistak datorren larunbatean, azaroak 21. Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu lelopean, Zarautzen eta Azpeitian ere mobilizatzera deitu dute. Zarautzen 19:00etan jarri dute hitzordua, udaletxe aurrean. Azpeitian, berriz, orduerdi lehenago hasiko da protesta; 18:30ean, plazan.
Urola Kostako koordinadorak sare sozialetan zabaldu duenez, lau aldarrikapen nagusi dituzte: indargabetzea neurri diziplinario eta polizialak; indartzea osasun baliabide sozialak; bermatzea eskubide zibil eta politikoak; eta hedatzea langileriaren antolakuntza komunista.
Larunbateko mobilizazioa kokatzen da "oligarkia finantzarioak, politikari profesionalek eta enpresari handiek ezarritako salbuespen egoeraren aurkako" salaketa kanpainaren barruan.
Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan aterako dira kalera, eta baita Hernanin, Tolosan, Beasainen, Bergaran, Durangon, Gernikan eta Lekeition ere.