Gaur, azaroak 10, Memoriaren Eguna da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horri lotutako ekitaldiak egin dituzte eskualdeko hiru herri handienetan: Azkoitian, Azpeitian eta Zarautzen. Azpeitian, udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak jardunaldiak antolatu dituzte egunotarako Oroimen historikoa eta giza eskubideak lelopean. Gaurkoan hainbat alderdi politikotako euskal ordezkariak izan dira hizketan Basazabalen egin duten solasaldian: Aitor Urrutia (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu), Rafaela Romero (PSE-EE) eta Jon Hernandez (Elkarrekin Podemos), hain zuzen ere; horrez gain, Jose Luis Arruek (PP) grabazio bat bidali du. Sabino Ormazabalek gidatu du saioa, eta oroimen historikoaren gaia izan dute hizpide mahai inguruan. Herritarrez gain solasaldia entzuten izan dira Azpeitiko Udaleko ordezkariak eta Aranzadiko kideak ere; halaber, izan dira saioa online jarraitu dutenak ere. Bihar, asteazkena, bigarren eta azken solasaldia egingo dute Basazabalen, eta eremu desberinetako hainbat hizlari izango dira: Josu Chueca historialaria, Jon Mirena Landa jurista, Enekoitz Esnaola kazetaria eta Idurre Eskisabel EHUko irakaslea. Aitziber Blanco izango da solasaldia gidatuko duena.
Azkoitian udalak antolatutako ekitaldian hartu dute parte gaur goizean Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, EAJko Ana Azkoitia zinegotziak, EH Bilduko Iraitz Otaño eta Laida Beristain zinegotziek eta PSE-EEko Janire Igoa zinegotziak. Minutuko isilunea egin dute Oroimenean eskulturaren ondoan, Intsausti Jauregi aurreko lorategian, eta ondoren lore eskaintza egin du alkateak Azkoitiko biktima guztien omenez. Oroimenean monumentua 2007an jarri zuten Intsausti parkean, biktima guztien omenez. Horregatik, urtero Memoriaren Eguneko omenaldia han egiten du udalak. "Egungo ezohiko egoeragatik", ekitaldian parte hartzeko deialdi publikorik ez egitea erabaki du aurten udalak.
Zarautzen ere ez dute deialdi publikorik egin, baina udalak aurten ere gogoan eduki nahi izan ditu indarkeriaren biktimak, Arrosategi parkean egindako ekitaldi xumean. Udaleko talde politiko guztiek bat egin dute, "indarkeriaren biktimak oroitu eta gertatutakoaren memoriari eusteko" helburuarekin. Indarkeriaren biktimak oroitzeko plaka berri bat jarri dute Terrorismoaren eta motibazio politikoaren biktimak omentzeko espazioan. Bertan, Indarkeriaren zurrunbiloa irudikatu dutela azaldu dute Jesus Arana alkateordeak eta Gloria Vazquez bigarren alkateordeak. Beren hitzartzeetan nabarmendu dute "espazio berean eta helburu berarekin" egon direla gaur udal talde guztiak. Helburu hori da "bizikidetza eta elkarbizitza indartzea, motibazio politikoaren biktima guztiei elkartasuna helaraztea eta egia, justizia, erreparazioa bilatzea, gertatua ez errepikatzeko". Plakaren zurrunbiloan hainbat "ekintza" zerrendatu dituzte: erailketak, mutilazioak, bahiketak, desagertzeak, estortsioa, tortura, xantaia... Hitzartze laburren ondoren, urtero bezala, minutu bateko isilunea gorde dute bertaratu direnek eta, ondoren, loreak utzi dituzte plaka berriaren atzean, banaka-banaka.