(Zarauzko Udala)[/caption]
Kolonbiako MAFAPO elkarteko lau emakumek beren herrialdean gertatzen ari den giza eskubideen urraketaren berri eman zuten atzo, Emigrados Sin Fronteras elkarteak deitutako bilera telematikoan. Zarauzko Udaleko hainbat ordezkarik entzun zituzten haien azalpenak: Patxi Elola Kooperazio zinegotziak, Jesus Arana Gizarte Politikako zinegotziak, eta Itziar Murua eta Jesus Goikoetxea EH Bildu udal taldeko zinegotziek. Pantailaren beste aldean, hizlari lanetan aritu ziren MAFAPO elkarteko presidenteak Jackeline Castillo, Gloria Martinez eta Beatriz eta Clara Mendez. Lau hizlariek galdu dute gertuko senideren bat azken 15 urteetan, gerrillariak zirelakoan. Positobo faltsuen auziaren berri eman zieten udaleko kideei. Azaldu zuten Kolonbiako gudarosteko kide batzuek herri pobretuetako gazteak bahitu eta, epaiketarik gabe, hil egiten zituztela. "Militarrek esaten zuten gerrillarekin izandako tiro-borroka baten ondoriozkoak izan zirela hilketa horiek eta, hala, militarrak sarituak izaten ziren". Elkarteko emakumeek bileran emandako datuen arabera, 3.000tik 10.000ra gazte izan dira positibo faltsu gisa hildakoak.
MAFAPO elkarteko emakumeek salatu dute beraien senideak ez zirela gerrillako kide, eta ez dutela hilketengatik inolako erreparaziorik edo justiziarik jaso. Orain, beraien helburua da munduak entzun dezala jasan duten bidegabekeria, eta nazioartean eragitea politikoki, atzerriko erakundeek Kolonbiako Gobernuari justizia eska diezaioten. Ildo horretatik, bileraren amaieran Zarauzko Udalari eskatu zioten beraien helburua babesteko adierazpen instituzionala onartzeko.