Koldo Almandozek zuzendutako Hondar ahoak telesailean beren alea jarri dute Nagore Aranburuk (Azpeitia, 1976), Paola Motok (Azpeitia, 1994) eta Iraia Eliasek (Zarautz, 1980). Thriller generoaren eta zinema beltzaren elementuak uztartuta, Bizkaiko kostaldeko herri batean jazotzen den istorioa kontatzen du lanak.
Nagore Aranburu: "Oso ondo pasatu dut inspektorearen rola gorpuzten"
"Bizkaiko kostaldeko herri batean jazotako desagerpena du oinarri telesailak. Bilboko komisaldegitik Nerea Garcia inspektorea bidaliko dute kasua ikertzera. Nerea gogo gutxirekin joango da herri horretara, kasua berehala argituko duela pentsatuta. Baina horrelakoetan gertatu ohi den bezala, gauzak ez dira espero bezala joango, eta desagerpenak uste baino lan gehiago emango dio Nereari", azaldu du Nagore Aranburuk.
Aktore azpeitiarra aritu da Nerea Garciaren rolean. Inspektorearen azalean jartzea tokatu zaio, eta aitortu du "oso gustura" aritu dela: "Horrelako pertsonaia baten azalean aritzeak jolasteko aukera ematen dio aktoreari. Gainera, pertsonaiek kapa bat baino gehiago dituzte, eta horrek ere jolasteko aukera eman digu. Egia esan, oso ondo pasatu dut pertsonaia gorpuzten".
Aktoreak uste du, thrillerrak gustuko dituztenentzat, aukera aparta dela Hondar ahoak ikustea: "Telesailaren berezitasunetako bat da generoa, euskaraz oso gutxi ekoitzi direlako genero horretako ikus-entzunezkoak. Estetikoki asko zaindutako lana da, eta irudiekin oso ondo kontatutako istorioa; uste dut horrek jendearen grina piztuko duela".
Azken hilabeteotan euskarazko telesailen aldeko apustua egin du ETBk, eta Alardea, Hondar ahoak zein Altsasu telesailak sartu ditu bere eskaintzan. Aranburuk uste du euskarazko fikzioa lehen baino "egoera hobean" dagoela orain: "Duela urte batzuk fikzioa sortzeari utzi zioten, eta azken urteotan desertu handia egon da arlo horretan. Uste dut oraingoan fikzioaren aldeko apustua egin duela ETBk, eta hori albiste ona da".
Paola Moto: "Beharrezkoa zen euskarazko fikzioaren alde apustu egitea"
Txintxua Films ekoiztetxeko langilea da Paola Moto. Produkzioko departamentuan aritzen da, eta produkzio laguntzaile lanak egin ditu Hondar ahoak telesailean. "Proiektua hasiera-hasieratik ezagutu dut; hasieran, bulegoko lanak egin nituen, eta, ondoren, grabaketetan parte hartu nuen. Orain, berriz, promozioko lanak egiten ari naiz, bulegoan". Azpeitiarrari kostatu egiten zaio bere lana zertan datzan azaltzea: "Produkzioa hain arlo zabala da... Prozesuan zehar, behar batzuk sortzen dira, eta behar horiei erantzutea da gure ardura. Denean adi egon behar dugu", azaldu du. Gainera, pandemiak baldintzatu du haren lana ere: "Grabaketetan, goizean goiz denei tenperatura hartzen genien, esaterako".
Azpeitiarra "oso gustura" dago proiektuaren parte izan delako. "Zerbait azpimarratu beharko banu, sekulako lantaldea izan dugula esango nuke. Lantalde bikaina eta oso giro ona izan ditugu, eta horrek asko erraztu du filmatzea. Izan ere, konplexua izan da prozesua, oso denbora gutxian egin dugulako dena". Hark azaldu duenez, abuztuaren 30ean amaitu zituzten grabaketak, eta bi hilabete soilik igaro direnean estreinatu dute lana.
Motori "beharrezkoa" iruditzen zitzaion euskarazko telebistan fikzioaren aldeko apustua egitea, eta pozik dago hala izan delako. "Goenkale eta gero, ez da euskarazko telesail askorik egin, eta nik uste dut falta zela apustu hori". Txintxua Filmsek ere aukera berri bat izan du, Hondar ahoak proiektuari esker. "Guk ekoitzitako lehen telesaila da, baina espero dut ez dela azkena izango. Ea funtzionatzen duen".
Iraia Elias: "Grabaketa oso azkarra izan da; aktoreok ezin izan dugu nahi bezala goxatu"

Itziar ertzainaren azalean sartu da Iraia Elias telesailean. Desagerpenak eta horren atzetik etorriko denak erdian harrapatuko du, eta pixkanaka ikerketan sartzen joango da bera ere.
Eliasek parte hartu duen lehen telebistarako lana izan da, eta haren arabera, "oso azkar" lan egin dute. "Lau orduko telesail bat atera da prozesu oso azkar batetik. Horrek esan nahi du grabaketa ere oso azkarra izan dela, eta horrelakoetan ez du ematen lana nahi bezala goxatzeko aukerarik, ez aktoreoi, ezta talde teknikoari ere. Nik astebetez parte hartu nuen grabaketetan, baina teknikari asko egon ziren lanean erlojuaren aurka".