Zarauzko hilerrirako bi igoerak asfaltatzeko lanei ekingo diete gaur

Dorleta Agiriano Lai 2020ko azaroaren 5a

Salbideko bidegorria ere asfaltatuko dute astelehenean. Obra horiekin emango dituzte amaitutzat Untzaindik Salberdingo etorkizuneko urbanizaziora energia elektrikoa eramateko lanak.

Zarauzko hilerria pasa den igandean, Santu Guztien Eguna. (Juan Luis Romatet)

Zarauzko hilerrirako bi igoerak eta Salbideko bidegorria asfaltatuko dituzte datozen egunetan. Gaur, azaroak 5, Abendañotik kanposantura doan igoeran egingo dituzte egokitzapen lanak, eta Salbideko biribilgunetik hasita hilerrira doan bidea, aldiz, gaur eta bihar asfaltatuko dute.

Bestalde, astelehenean, azaroak 9, Salbideko bidegorrian egingo dituzte asfaltatze lanak. Aurreikuspenen arabera, beraz, datorren asterako amaituko dituzte obrak, baina udalak adierazi du aldaketak egon daitezkeela eguraldia dela eta. Asfaltia enpresa arduratuko da lan horietaz.

Udalaren esanetan, obra horiekin emango dituzte bukatutzat Untzaindik Salberdingo etorkizuneko urbanizaziora energia elektrikoa eramateko lanak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide