Ingurumena, bioaniztasuna nahiz birusa izango dituzte mintzagai 41. Natura Astean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 20a, 10:41

Urriaren 26tik azaroaren 1era izango da 41. Natura Astea, Zarauzko Arkamurka natura elkarteak antolatuta. Askotariko hitzaldiez gain, ohiko perretxikoen erakusketa ere egingo dute aurten. Streaming bidez emango dituzte hitzaldi guztiak, Erlo Telebistaren bidez.

Gero eta gutxiago falta da aurtengo Natura Asterako. Berrogeita batgarren aldiz, naturari hamaika ertzetatik begiratzeko aukera izango da Zarautzen, urriaren 26ean hasi eta azaroaren 1era bitartean. Oraingoan ere egitarau zabala prestatu du Arkamurka natura elkarteak, lau hitzaldi indartsu, tartean. Aurtengo berezitasun modura, nola ez, COVID-19a eta birusak izango dituzte aztergai.

Horretaz gain, ordea, auzi gehiago ere landuko dituzte Natura Astean; hala nola, IƱurritzako onddoak edota laborantza. Bestalde, beste urte batez izango da ikusgai perretxikoen erakusketa Merkatu plazan, azaroaren 1ean.

Arkamurkako kideek azaldu dute Modelo aretoan izango direla lau hitzaldietako bi. Dena den, streaming bidez emango dituztela lau saioak, Erlo Telebistaren bidez. Hitzaldiak jarraitzeko interesa dutenek, helbide honetan izango dute aukera: http://www.erlotelebista.eus/

Hona hemen 41. Natura Asteko egitaraua, osorik:

Egitaraua

  • Urriak 26, astelehena. Bioaniztasunaren harira, IƱurritzako onddoei begira hitzaldia, Joxepo Teres Arkamurkako kidearen eskutik. 20:00etan, streaming bidez soilik.
  • Urriak 27, asteartea. COVID-19a, ingurumena eta pandoraren kutxa hitzaldia, Joxerra Aiartza biologo, ikertzaile eta EHUko irakaslearen eskutik. 20:00etan, Modelo aretoan eta streaming bidez.
  • Urriak 28, asteazkena. Nola ulertzen dugu ingurumena? Laborari eta herritarren ikusmoldeak uztartzen mahai ingurua, Mirene Begiristain ekonomialari, ikerlari eta EHUko irakaslearen nahiz Iker Elosegi Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailearen eskutik. 20:00etan, streaming bidez soilik.
  • Urriak 29, osteguna. Birusak gure bizitzan: birusen eta gizakion koeboluzioa hitzaldia, Bego Jugo ikerlari eta EHUko genetika irakaslearen eskutik. 20:00etan, Modelo aretoan eta streaming bidez.
  • Azaroak 1, igandea. Darwinen eboluzioaren legea eta perretxiko erakusketa, Merkatu plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide