Asteburuko kiroleko hainbat jardunaldi bertan behera utzi dituzte, COVID-19a dela eta

Nerea Uranga 2020ko urriaren 17a

Asteburu honetan jokatzekoak ziren hainbat saskibaloiko eta futboleko partida bertan behera utzi edota atzeratu egin dituzte. COVID-19a tarteko hartu dute erabaki hori. Iraurgi SBko, Lagun Onakeko, Ikasberriko, Anaitasunako eta Zarauzko talde batzui eragin die.

Asteburu honetan jokatzekoak ziren hainbat saskibaloiko eta futboleko partida bertan behera utzi dituzte edota atzeratu.

Emakumeen saskibaloiko Espainiako Bigarren Mailako Azkoitia-Azpeitia ISBk bi norgehiagoka jokatu behar zituen asteburu honetan, Azkoitiko kiroldegian. Biak ala biak bertan behera utzi dituzte. Klubak sare sozialetan eman zuen horren berri atzo. "Jakitun ginen eta gara aurtengo urtea horrela izango dela, eta bai, hasi gara, eta hasiera besterik ez da. Asteburu honetan Azkoitia Azpeitia ISB taldeak bi partida zituen, bat Avilesen aurka larunbatean eta bestea Barakaldoren aurka igandean. Ba bi partidak COVID-19a dela eta, atzeratuta", azaldu zuten.

Futboleko hainbat jardunaldi ere bertan behera gelditu dira. Lagun Onak futbol klubeko gizonezkoen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak lagunarteko azken partida jokatu behar zuen Mondragonen aurka gaur, larunbata, 16:30ean, Garmendipen. Baina bertan behera utzi dute. Jubenilen Ohorezko Mailako Lagun Onaken eta Anaitasunaren aurkako norgehiagoka, berriz, atzeratu egin dute. Azkoitian, San Juan futbol zelaian jokatu behar zuten partida hori.

Gizonezkoen Gorengoen Mailako Urkiren eta Ikasberriren arteko norgehiagoka ere atzeratu egin dute. Ikasberrik Eibarren jokatu behar zuen partida.

Futboleko Ohorezko Kadeteen mailako bi futbol partida ere atzeratu dituzte: Mariñoren eta Zarautzen artekoa, Irunen jokatu behar zuten; eta, Eibarren eta Anaitasunaren artekoa, Eibarren jokatu behar zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide