Guardia Zibilak atxilotu ditu Ekhiñe Eizagirre Bilgune Feministako kide zarauztarra, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio, Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazio batean, “helburu terroristak” egotzita. Duela hiru urte eskas eman genion ongietorria gure kidea den Ekhiri, espetxean lau urte pasa ostean; baina, gaur, gure sare feminista arrakalatu nahi izan dute berriro. Zarauzko Bilgune Feministatik argi eta ozen salatu nahi dugu konponbidearen eta bakegintzaren aurkako eraso berri hau.
Ukaezina da Euskal Herrian bake bidean urrats esanguratsuak eman direla hainbat arlotan, baina Espainiako estatuak, bere gobernu eta (in)justizia sistema tarteko, blokeo egoera mantendu nahi du, Guardia Zibilaren eta bestelako indar errepresiboen bidez.
Bakegintza herri honen zein bertako herritarron burujabetza prozesuaren barnean kokatzen dugu, elkarrekin egin beharreko ibilbide gisa, alegia. Ari bagara ere, bide luzea dugu aurretik, bake eta bizikidetza prozesuan sakonduta, biktima guztien aitortza, erreparazioa eta preso eta iheslari politikoen etxeratzea lortu arte. Norabide horretan, jendarte zibila osatzen dugunok eta herri mugimenduok bakeari, segurtasunari, memoriari, justiziari eta elkarbizitzari kolektiboki esanahi berriak ematen gabiltza eta horretan segi behar dugu. Modu berean, Euskal Herria desmilitarizatzea, eta horrelako operazio polizialen, akusazioen eta auzi judizial berrien amaiera ezinbestekoa da.
Bilgune Feminista, eta, baita beste hainbat eta hainbat eragile ere, konpromezu horri jarraiki ari gara lanean konponbidearen alde, erasoen gainetik, ez baitago gure sare feminista arrakalatuko duen estatu edo (in)justizia sistemarik. Atxiloketa horiek Euskal Herrian gehiengoak ireki nahi duen ziklo berriaren aurka doaz eta onartezinak dira. Hitz hauen bitartez, gure maitasun, amorru eta elkartasuna adierazten diegu Ekhiren eta besteen senide eta lagunei.
Azkenik, uste dugu espetxeak hustutzeko eta zauriak osatzeko unea dela. Gorrotoa, sufrimendua eta blokeoa inposatzen dutenen aurrean, AUTODEFENTSA ETA ELKARTASUN FEMINISTA!!!
Hau ez da gure bakea! Hau ez da justizia!
Ekhi eta besteak askatu!!!
2020ko urriaren 5ean, Zarauzko Bilgune Feminista