Guardia Zibilak Ekhiñe Eizagirre preso ohi zarauztarra atxilotuta eraman du gaur, astelehena, 14:30 aldera. Guardia zibilek 11:15 inguruan eskumuturrekoak jarrita eraman dute Eizagirre bere etxera, eta hiru ordutik gora igaro dute poliziek haren etxebizitza miatzen. Etxearen kanpoaldean armak soinean zeramatzaten hainbat guardia zibil egon dira, eta herritar ugari gerturatu da. "Aupa Ekhiñe", "eutsi goiari" eta "alde hemendik, utzi bakean!" oihuak entzun dira etxearen kanpoaldean.
Eizagirre ez ezik, Kepa Arkauz preso ohia eta Imanol Jaio iheslari ohia ere atxilotu dituzte gaur; horiek Arrasaten eta Irunen atxilotu dituzte, hurrenez hurren. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak agindutako operazioaren barruan atxilotu dituzte hiru lagunak. Guardia Zibilak kaleratu duen oharraren arabera, "helburu terroristarekin lehergailuak edukitzea" leporatzen diete hiru atxilotuei, Ertzaintzan 2019an Arraia-Maeztun (Araba) atzemandako "zulo" batekin lotura dutelakoan.
Elkarretaratzea arratsaldean
Eizagirreren eta beste bi lagunen atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean udaletxe aurreko plazan. 19:30ean jarri dute hitzordua Ekhine askatu, atxilotuak askatu lelopean.
Eizagirre 2013an atxilotu zuten Frantzian ETArekin lotura zuelakoan, eta lau urtez egon zen preso; 2017an Espainiaratu zuten, Frantziako zigorra beteta. Baldintzapean aske geratu zen orduan. Honako hau da Eizagirre aske utzi eta herrira iritsi zenean egindako albistea.