Eskualdeko hiru bertsolari sailkatu dira Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera

Juan Luis Romatet 2020ko urriaren 3a

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa jokatu zuten atzo Villabonan. Honen ondoren, erabakita geratu da finala jokatuko duten bertsolari taldea, eta eskualdeko hiru lagun sailkatu dira: Aner Peritz eta Uxue Ostolaza zarauztarrak, eta finala etxean jokatuko duen Naia Arrizabalaga azkoitiarra.

Otsailaren 28an hasi zen 2020ko Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta osasun krisiaren eraginez atzeratu behar izan zen hirugarren kanporaketa atzo jokatu zuten Villabonako Subijana etxean. Aner Peritz Manterola, Amets Aizpurua Mancisidor, Jon Mendiluze Mujika, Nerea Isusi Gomez, Olatz Zuazubiskar Iñarra eta Uxue Ostolaza Zubia aritu dira kantuan eta Aner Peritz izan da saioa irabazita zuzenean finalera sailkatu dena.

Hiru kanporaketak jokatuta, erabakita geratu da zein bertsolari aterako diren txapelaren bila. Bi zarauztar izango dira finalean, Aner Peritz Manterola eta Uxue Ostolaza Zubia. Naia Arrizabalaga Arrieta azkoitiarra ere finalerako sailkatu da. Beste hiru bertsolariak Ane Zubia Aranalde, Maide Garmendia Jauregi eta Hodei Munduate Etxeberria. 

Finala urriaren 16an Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko da, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide