Ostiralean eta larunbatean Lesboseko Moria kanpamenduko errefuxiatuei laguntzeko janari bilketak deituta zeuden Euskal Herriko hainbat txokotan; baita Zarautzen, Orion eta Azpeitian ere.
Zarautzen, larunbatean 20:00ak arte egon ziren janaria biltzen Iñurritzako jubilatuen elkartean zein Gipuzkoa kaleko 32. zenbakian. Iñurritzan bildutako janaria kudeatzen aritu zen Begoña Egaña guztiz hunkituta geratu da asteburuan zarauztarrek erakutsi duten elkartasunarekin. "Egin duen eguraldiarekin beldur ginen jendea etxean geratuko ote zen, baina ez da hala izan", azaldu du Egañak. "Harrigarria" eta "sinestezina" hitzak erabili ditu bizitakoa deskribatzeko.
Arroza eta lekaleak batuta 1.139 kilo bildu dituzte guztira Iñurritzan Egañaren arabera, eta bildutako gainontzeko elikagaien kopuruak ere ez dira makalak: 776 atun lata, 413 litro olio, 255 sardina lata... egoitzaren sarreran jarritako itsulapikoarekin ere eskuzabal ibili da jendea: 749 euro bildu dituzte.
Beheko argazki galerian ikusgai daude Iñurritzako Jubilatuen Elkartetik helarazitako argazkiak, baita Hotz Zarautz elkarteak sare sozialen bidez zabaldutakoak ere.
Orion, ostiralean eta larunbatean Orioko Plazan izan ziren Zapoerak proiektuko boluntarioak, Moriako errefuxiatuei laguntzeko janaria biltzen. Oriotarrek ondo erantzun zioten deialdiari, eta lanez lepo ibili ziren boluntarioak herritarrek egindako ekarpenak kudeatzen.
Azpimarratzekoa da herriko gazteek dirua biltzeko deialdia egin zutela Whatsapp bidez hainbat kuadrillatan. Hamar euroko ekarpena egiteko eskatzen zuen mezuak eta, azkenean, 1.400 euro bildu dituzte, eta diru horrekin furgoneta bat goraino janariz bete ahal izan dute. Zaporeakeko boluntarioek azaldu dute "oso une berezia" izan zela gazteak heldu zirenekoa: "Normalean ez da horrelakorik gertatzen, laguntzen duten gehienak 40 urtetik gora izan ohi dituzte".
Hona hemen Orioko argazkiak:
Azpeitian ere egin zuten janari bilketa larunbatean, herriko lau saltokitan: hain zuzen ere, Elikagunean, Sanjuandegiko nahiz Juan XXIII-eko Eroskin eta eta BMn egin dute bilketa, 09:00etatik 15:00etara bitartean.
BM saltokian lanean ari ziren boluntarioek azaldu zutenez, jendea "oso eskuzabal" agertu da, eta "kaxa ugari" bete zituzten elikagaiz. Sanjuandegiko Eroskiko boluntarioek ere gauza bera nabarmendu zuten; gainera, haiek azaldu zutenez, Beizaman ere egin zuten janari bilketa, eta handik "lau poltsa" ekarri zituzten elikagaiz beteta Sanjuandegiko Eroskira.
Zaporeakek honako elikagai hauek bildu ditu Moriako errefuxiatuei bidaltzeko: arroz luzea, garbantzuak, dilistak, babarrunak, makarroiak, atuna eta sardinak latan, oliba olioa, espeziak (kuminoa, currya, piperbeltza eta piperbeltz zuria), esne hautsa eta barra energetikoak.
Gainera, Azpeitiko Elkar-ekin taldeak 2.000 euro eman dizkio Zaporeaki, proiektuarekin segitu ahal izateko. Elkar-ekinek kudeatzen duen Elkarguneko salmentetatik bildutako dirua da taldeak emandakoa.
Hona hemen Azpeitiko argazkiak: