Iosu Esnaola eta Joanes Elizondo
Iosu Esnaola: "Kalearekin zortea badugu, lehiatzeko prest gaude gaur Portugaleten"
Eusko Label liga gaur eguerdiko estropadarekin amaituko da. Liga bera norentzat izango den erabakitzeko dago, baita hirugarren postua zer trainerurentzat izango den ere. Oriotarrak dena emateko prest daude, atzo ehuneneko batzuengatik laugarren egin ondoren. Bermeotik bueltan egin zizkigun adierazpenak Iosu Esnaola OAEko lehendakariak.
"Prest gaude azken estropadarako, ilusioarekin. Kaleetan desberdintasun handiak egongo dira, eta hori zorteko baldin badugu, lehiatzeko prest gaude, gure aukerak izango ditugu, eta hori aprobetxatzera aterako gara". Hala esan zion atzo iluntzean Bermeotik bueltan Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko lehendakariak KARKARAri.
Ohorezko txandan aritu ziren oriotarrak atzokoan ere, ligako azken bigarren estropadan. Puntu garrantzitsuak zeuden jokoan hirugarren postu horri eusteko, eta ehuneneko gutxi batzuengatik ez zuten egin hirugarren. Fotofinishak Urdaibairi eman zion postu hori, beren aurkari zuzen-zuzenari, eta ondorioz, sailkapen nagusian berdinduta gelditu ziren atzokoan bi taldeak. 147 puntuna dituzte, eta Orio laugarren da.
Mutilek egindako lanarekin gustura ziren atzo oriotarrak, baina egokitzen ari zaizkien kaleekin, ez hainbeste. "Munduko ilusio handienarekin etorri gara estropadara, astea oso-oso ondo joan delako, oso azkar ibili gara, eta jendeak Kontxako desilusio puntu horri buelta emanda. Sentsazio oso onekin etorri gara. Kalea ez da izan guk aukeratuko genukeena, baina hori urtean zehar ere ikusi dugu aurten suerteko ez garela, eta suerteko ez garen horretan, azkenean Urdaibai zortzi ehunenekorekin aurretik sartu zaigula. Horrek tarteka deskribatzen du aurtengo urtea, aldrebesa izan delako erabat zentzu horretan. Gaur ere kanpoko kaletik tokatu zaigu, beste asteetan bezala, baina hori da kontrolatu ezin dugun zerbait. Guk kontrolatu dezakegunari buruz, esan mutilak gustura gelditu direla egin dugun estropadarekin".
Ligako txapelduna erabakitzeko dago oraindik. Atzo sekulako lehia egon zen Hondarribiaren eta Santurtziren artean, eta Esnaolak onartu die nolabaiteko nagusitasuna bi traineruei: "Hondarribiak eta Santurtzik gaur erakutsi dute agian puntu bat gainetik daudela, 20 segundoko aldea izan delako". Dena den, oriotarrak borrokatzeko prest dira. Ea zer gertatzen den kaleekin gaur eguerdian Portugaleten.
Bermeoko Ikurrina (sailkapena)
- Santurtzi 19:54;98
- Hondarribia 19:55;24
- Urdaibai 20:15;62
- Orio 20:15;70
- Zierbena 20:19;58
- Cabo 20:25;88
- Donostiarra 20:35;78
- Lekittarra 20:45;64
Joanes Elizondo: "Aukera asko ditugu mailari eusteko, baina ezin dugu hutsik egin"
Joanes Elizondo arraunlaria pozik zen atzo Bermeoko play-offean egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin, bigarrenak izan baitziren ia-ia berdinduta Tiran garailearekin. Gaur eguerdian dute estropada erabakigarria, eta argi du beren esku dagoela datorren denboraldian Eusko Label ligan jarraitzea.
Sekulako lehia ikusi zen atzo Bermeon, Eusko Label ligako play-offean parte hartzen ari diren bost traineruen artean. Zarautz ibili zen aurretik une askotan, baina ehuneneko batzuengatik Tiranek hartu zion aurre azkenean. Dena den, puntu garrantzitsuak eskuratu zituen Zarautzek–lau puntu bostetik– gaur Portugaleten eguerdian jokatuko den bigarren eta azken estropadari begira. Izan ere, bi talde onenak ibiliko dira datorren denboraldian ere Eusko Label ligan.
Bermeotik bueltan, emaitzarekin pozik ziren zarauztarrak atzo. Hala adierazi zion Joanes Elizondo arraunlariak ZARAUZKO HITZAri: "Gure esku dago Eusko Labelen jarraitzea, Portugaleten gure lana ondo egiten badugu. Aukera asko ditugu mailari eusteko, baina ezin da hutsik egin".
"Aurreneko ziabogan bost segundoko aldea atera dugu, baina bigarren luzean ikusi dugu tartea estutzen ari zela, eta ziabogara iristerako parean ginen. Ikusi dugu kanporantz hobeto moldatu garela, eta lortu dugu hirugarrenarekiko tartea handitzea, baina baita ere bagenekien estutu beharra zegoela emaitza ona lortzeko, eta estropada amaitu dugunean artean ez genekien atzetik ala aurretik ginen. Besteak iritsi ahala ikusi da bost ontziak lau-bost segundoren barruan sartu garela. Emaitza ona da bigarren estropadari begira, gerta zitekeelako azken gelditzea ere".
Itsaso zabaletik itsasadarreko babesera
Atzoko estropadak eta gaurkoak ez dute zerikusirik izango baldintzei dagokienez. Izan ere, itsaso zabalean aritu ziren atzo. Gaur, berriz, "itsasadarraren babesean" egingo dute arraun, eta "haizeak ez du apenas eragingo".
"Errekan eta eguraldi onarekin, potentzia handiko taldeentzat da mesede, eta gu ez gara potentzia handikoak, baina tira. Iaz ere egoera honetan geunden, eta estropada borobila atera zitzaigun. Beraz, ea iazkoa errepikatzea lortzen dugun oraingoan. Prest egon behar dugu aurretik edo atzetik ibiltzeko, eta hala ere dena emateko".