Estropada gogorra izan da gaurkoa oriotarrentzat eta zarauztarrentzat

Aiora Larrañaga 2020ko abuztuaren 23a

Kaleen arteko desoreka nabarmena izan da, eta Orioko eta Zarauzko traineruei kalerik okerrenak egokitu zaizkie.

Gaur eguerdian ere Ibaizabalgo uretan izan dira Eusko Label Ligako arraun taldeak. Azken egunotan mareak biziak izaten ari dira, eta gaurkoan itsasbeherarekin arraunean egin behar izan dute Sestaon. Kaleen arteko desoreka nabarmena izan da, eta Orioko eta Zarauzko traineruei kalerik okerrenak egokitu zaizkie. Hala, emaitzak ere kaskarrak izan dira, bederatzigarren eta hamargarren postuan sailkatu baitira, hurrenez hurren.

Enbata bigarren txandan arraunean egin du, eta atzean gelditu da hasieratik. Dena dela, bere lana egiten jakin du, lehen txandan arraunean egin duten taldeen denborak erreferentziatzat hartu eta erlojupekoaren aurkako estropada jokatuz. Azkenean, eguna salbatzea lortu du, sailkapenean Aresekin duen lehian, bi puntu bakarrik galduta. Hala, liga amaitzeko jardunaldi gutxi falta direnean, 10. postuan sailkatuta dago Zarautz Babyauto, play-off postuetatik kanpo.

Ohorezko txandan arraunean egin dute oriotarrek, baina bigarren luzean atzean gelditu dira eta ez dute lortu estropadari buelta ematerik. Hondarribia izan da gaurkoan azkarrena, eta 24 segundora helmugaratu da Orio, bederatzigarren postuan sailkatuz. Sailkapen nagusian, berriz, hirugarren postuan kokatuta dago Orio, liderrarengandik bederatzi puntura.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide