Sailkapenaren beheko postuetan daudenentzat esaterako, erabakiorrak izango dira liga amaitzeko falta diren estropadak, lau traineru mailari eusteko lehian bete betean murgilduta baitaude. Horregatik, Zarautz Babyautok gaur lortu duen emaitza baliagarria izan da sailkapenean aurrera egiteko.
Enbata-k laugarren kaletik arraunean egin du lehen txandan, eta babes uneak eta korrontearen indarra aprobetxatzen jakin du uneoro, txanda irabaziz (19:32:54). Hala, lehen ziabogara laugarren postuan iritsi bada ere, buelta eman dio lehiari eta estropadaren buruan jarri da bigarren luzean. Sailkapen nagusian seigarren postuan sailkatu da Zarautz Babyauto, bigarren txandan aritu diren Lekittarra eta Donostiarra baino denbora hobea egitea lortu baitu; gainera, epaileek Cabo estropadatik kanpo utzi dute, arraunean ari zirenean besteen kalera sartu eta aurkariei oztopo egiteagatik.
Orio laugarren
Orioko gizonezkoen taldeak ohorezko txandan egin du arraunean gaur Santurtzin, hirugarren kaletik, eta hasieratik arraun ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izan dute arraun zaleek. Lehen luzeetan bi norgehiagoka sortu dira txanda horretan; Orio eta Hondarribia alde batetik, eta Santurtzi eta Urdaibai bestetik. Dena dela, Soterak buelta eman dio egoerari, eta estropadaren buruan jarri da, Oriorekin eta Hondarribiarekin batera. Lehia estua jokatu dute hiru ontziek, eta segundo gutxiren bueltan helmugaratu dira. Hondarribia izan da azkarrena ohorezko txandan, baina ez du bandera irabazterik lortu, bigarren txandan denbora bikaina egin duen Zierbena irabazi baitu estropada.
Estropada amaitutakoan, helegitea sartu du Oriok, Santurtzik oztopatu egin duela arrazoituta. "Hirugarren eta laugarren luzeetan, ogitarteko batean sartuta egongo bagina bezala egin dugu arraunean, eta Santurtzirekin arraunak gurutzatu ditugu, ukitzeraino. Guk ezin genuen gure ibilbidea aldatu, beste aldean Hondarribia genuelako. Horregatik, gertatu dena aztertzea nahi dugu", azaldu du Jon Salsamendi entrenatzaileak Euskal Telebistan.