Udako Azoka Ekologikoa egingo dute bihar Zarautzen

Aiora Larrañaga 2020ko abuztuaren 20a

Zarauzko Lege Zaharren enparantzan eta Zigordia kalean jarriko dute azoka, eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 16 ekoizle bilduko dira bertan.

Bihar 10:00etatik 14:00etara bitartean Udako Azoka Ekologikoa egingo dute Lege Zaharren Enparantzan. 16 postu inguru bilduko dira, Zarauzko Udalak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak abuztuaren 19an argitaratutako agindu berriaren arabera, ezingo direlako jarri baimendutako postuen %60 baino gehiago.

Euskal Herriko hainbat txokotatik etorriko dira ekoizleak, eta modu ekologikoan ekoitzitako barazki, fruta, ogi, gazta, sagardo, gozo eta beste hainbat produktu eskainiko dituzte. "Azokako produktu guztiak ongarri eta pestizida kimiko, gehigarri, eta orokorrean produktu kimikorik gabe ekoiztuak izango dira, ingurugiroa eta elikagaiak kutsatu gabe. Ekoizle hauen erronkak dira baliabide naturalak zentzuz erabiltzea, lurraren emankortasuna zaintzea eta ekosistemen orekak eta bioaniztasuna errespetatzea. Guzti hori gure osasuna eta ingurugiroa zaintzeko", azaldu du Zarauzko Udalak.

Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Elkarteak antolatu ohi du urtero azoka ekologikoa, Zarauzko Udalaren, Urola Kostako Landa Garapen Elkartearen (URKOME) eta ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren laguntzarekin. Erantzun bikaina izaten duela aitortu dute antolatzaileek. "Hogei urte baino gehiago daramagu Zarautzen produktu ekologikoen azoka antolatzen, eta ekimena errotuta dago herrian". Dena dela, aurtengoak hainbat berezitasun izango dutela ere badakite. "Herritarrak eta ekoizleak COVID-19arengandik babesteko neurriak hartuko ditugu. Kontigentzia plana egin dugu horretarako, eta hori jarraituko dugu uneoro, babes neurriak bermatuz", azaldu dute Biolurreko kideek. Hala, Zarauzko Udaleko Landa Garapeneko zinegotzi Leire  Aranak zehaztu du ekoizle bakoitzak bere postua karpa indibidual baten barruan izango duela, beste postuekiko segurtasun distantzia bermatze aldera. "Maskararen erabilera ere derrigorrezkoa izango da eta 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu beharko dute bertaratzen diren herritarren elkarren artean”, adierazi du Aranak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide