Kamerata Euskdivarius orkestrak kontzertua emango du igandean Zarautzen

Aiora Larrañaga 2020ko abuztuaren 19a

Emanaldia Zarauzko parrokian izango da, 20:00etan hasita, eta Bethovenen 3. Sinfonia eskainiko du orkestrak.

Ludwig van Beethoven jaio zela 250 urte bete dira aurten, eta musika klasikoko obra entzutetsuenetakoak sortu zituen musikari eta konposatzailearen lana gogorarazteko, Kamerata Euskdivarius orkestrak alemaniarraren bederatzi sinfoniak Gipuzkoa osoan zehar eskaintzen ari da, lurraldeko txoko guztiak Beethovenen musikaz zipriztinduz. Igandean esaterako, Bethovenen 3. Sinfonia aurkeztuko dute Zarautzen, Eroica izenburua duena. Orkestrako arduradunek azaldu dutenez, bere sinfoniarik "iraultzaileena da, klasizismoa zokoratu eta erromantizismoari ateak ireki zizkiona".

Emanaldia Zarauzko parrokian izango da, 20:00etan hasita. Saioak publiko edukiera mugatua izango du, beraz, kontzertua zuzenean entzun nahi duten herritarrek sarrera-gonbidapenak egunean bertan jaso behar dituzte Modelo aretoko txarteldegian, 18:00etik 19:45era.

Ezohiko orkestra
Arkaitz Mendozak zuzentzen duen Kamerata Euskdivarius orkestra berezia da, musika klasikoak izan dituen klitxeak "apurtu" nahi baititu zenbait esparrutan. "Orkestra bat nola antolatzen den eta sinfoniako atal ezberdinak nola jorratuta dauden azaldu nahi dugu, partiturari tripak atera eta bere muina nolakoa den denok hobeto ulertu ahal izateko", azaldu dute.

Bestetik, orkestrako kideen gaztetasuna ere azpimarragarria da. Izan ere, goi mailako ikasketak burutu berri dituzten musikariak esperientzia handiagoa dutenekin elkartu dira proiektuan, eta konbinazio horrek "energia kutsu indartsua" ematen duela azaldu dute taldeko kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide