Motxian Bertso-Eskolak eta Zarauzko Udalak antolatuta, Bertsolari Gazteen XLIV. Lizardi Saria jokatuko da abuztua amaieran eta iraila hasieran. Kanporaketak abuztuaren 27an eta 28an izango dira Imanol Urbieta Musika Eskolan, eta finala irailaren 4an jokatuko da, ostiralarekin, Modelo aretoan, 22:00etatik aurrera. Kanporaketak zuzenean entzuteko sarrera doakoa izango da, baina finalerako sarrerak aldez aurretik erosi beharko dituzte herritarrek Turismo Bulegoan, hiru euroren truke; dena dela, egunean bertan leihatilan ere jarriko dituzte salgai.
Aurtengoan, 16 bertsolari gaztek parte hartuko dute sariketan, eta horietatik bost eskualdekoak izango dira: Markel Eizagirre, Aner Peritz eta Ane Peñagarikano zarauztarrak, Oier Etxeberria azpeitiarra eta Danel Olano getariarra.