Aurten egoera ezohikoa bada ere, TKEk Zarauzko jardunaldi bikoitzari eustea erabaki du denboraldi gorabeheratsu honetan. Oso ezberdinak izan dira bi jardunaldiak; atzo giro haizetsuari egin behar izan zioten aurre arraunlariek eta hori denboren arteko aldeetan geratu zen islatuta. Gaur, berriz, itsasoa bareago egon da eta haizeak ez du indar berezirik izan.
Gizonezkoen jardunaldiko lehen txandan atera dira Urdaibai (atzo azken postuan sailkatua), Zarautz, Donostiarra eta Lekittarra. Bigarren postuan helmugaratu da Zarautz-Babyauto bere txandan, eta seigarren geratu da gaurko estropadako sailkapenean. Atzoko eta gaurko denborak batuta, berriz, zortzigarren geratu da. Gaur eskuratutako puntuekin sailkapen orokorrean Aresekin berdintzea lortu du Zarautzek eta, puntu kopuru bera izanagatik, galiziarren aurretik kokatu da Enbata sailkapenean. Hala, jaitsiera postuetatik ateratzea lortu dute.
Bigarren kaletik atera da Enbata bere txandan. Urdaibaik hasieratik hartu du mendean estropada, baina arraunkera dotoreaz jarraitu dio atzetik Zarautzek. Donostiarrarekin parez pare ibili badira ere, aldea handitzea lortu du Enbatak, eta une batez hiru segundora jarri zaio Urdaibairi. Bigarren ziabogaren ostean ihes egin dute bermeotarrek ordea, eta txandako atzeko hiruren arteko aldeak txikitzen joan dira hirugarren luzean. Zarautzek une oro mantendu du bigarren postua, eta Urdaibai baino hamabost segundo beranduago helmugaratu da azkenean. Hauek dira Enbataren txandako denborak:
1. Urdaibai 19:39,98
2. Zarautz 19:55,06
3. Donostiarra 20:02,04
4. Lekittarra 20:05,96
Atzo bosgarren amaituta, bigarren txandan irtetea egokitu zaie gaurkoan mirotzei, Ares, Ondarroa eta Kaiku aurkari zituztela. Txanda hasieratik nagusitu dira oriotarrak, eta estuasunik gabe gailendu zaizkie beste hiru traineruei. Ohorezko txandan Santurtzi aurkari zuzena nagusitu da ordea, eta sailkapen orokorrean Oriok Soterarekiko zuen aldea handitu da orain: 114 punturekin lider da Santurtzi, eta Oriok bigarren jarraitzen du, oraingoan, bost puntu gutxiagorekin. Atzetik da Hondarribia, bi puntu gutxiagorekin. Horrela geratu da bigarren txandako sailkapena:
- Orio 19:45,6
- Ares 19:56,88
- Ondarroa 20:01,64
- Kaiku 20:12,72
Hondarribiaren erakustaldia
Hirugarren urtez jarraian eskuratu du Hondarribiak Zarauzko Ikurrina. Laugarren geratu dira ohorezko txandan, baina atzo ateratako aldearekin nahikoa izan dute bandera preziatua eskuratzeko. Atzoko eta gaurko puntu pilaketaren ostean, badirudi berriro ere ligarako borrokan sartu dela Hondarribia, Oriogandik bi puntura soilik baita orain, sailkapeneko hirugarren postuan. Horrenbestez, horrela dago, gaur gaurkoz, Eusko Label ligako sailkapena:
| 1 | SANTURTZI TRANSPORTES Y GRUAS AGUADO | 114 |
|---|---|---|
| 2 | ORIO ARRAUNKETA ELKARTEA | 109 |
| 3 | GO FIT HONDARRIBIA | 107 |
| 4 | BERMEO URDAIBAI AVIA | 107 |
| 5 | DONOSTIARRA AMENABAR | 98 |
| 6 | ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA | 97 |
| 7 | CABO | 78 |
| 8 | LEKITTARRA ELECNOR | 50 |
| 9 | ONDARROA CIKAUTXO | 49 |
| 10 | ZARAUTZ BABYAUTO | 47 |
| 11 | CR ARES | 47 |
| 12 | KAIKU VUSA | 33 |
Santurtzin izango dute arraunlariek ligako hurrengo hitzordua. Zalantzarik gabe, une gozoan iritsiko dira Soterakoak etxeko estropadara.