Zarauzko Ikurrina lortzetik oso gertu dira Orioko neskak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abuztuaren 16a

Benetan gozoa ari da izaten denboraldi amaiera Orioko emakumezkoen traineruarentzat. Matematikoki Euskotren liga irabazita eduki arren, Zarauzko Ikurrinagatik gogor borrokatzeko asmoz ureratu ziren atzo, eta, oraingoz, bide onetik doaz. 

Lehen luzearen hasieran Donostiarra joan zen estropada buruan, eta biak segundo baten barruan ibili bazirena ere, aurrea hartu zion lehen ziabogan Oriok. Abaila bizia hartu zuten, eta nagusi izan ziren bigarren luzean ere. Uneren batean izan zuten estuasunik eta donostiarrak bi segundora jarri zitzaizkien, baina aise berreskuratu zuen aldea Oriok eta, azkenean, Donostiarra baino hamar segundo lehenago helmugaratu ziren.

Eguneko beste poza Nadeth Agirre patroiak eman zuen: patroi onenaren sarian lehen postua berreskuratu zuen oriotarrak. Gaur erabakiko da mailot preziatua bietako nork eramango duen, baina, gaur gaurkoz, Agirre oriotarra Nadia Tubio donostiarraren aurretik dago.

Guzti-guztia ez dago erabakita, baina, zalantzarik gabe, aukera handia dute oriotarrek Zarauzko Ikurrina etxeratzeko. Hemen daude entzungai elkarteko komunikazioaz arduratzen den Xabier Sukiak estropada amaieran egindako adierazpenak:

Orioko gizonezkoak, bosgarren

Denboren arteko alde handiak eta itsaso zakarra izan ziren atzoko Zarauzko estropadaren ezaugarri nagusiak. Orioko mutilek ez zuten egunik onena izan, eta txandako garaile izan zen Santurtzi baino hamabi segundo beranduago helmugaratu ziren. Estropadako sailkapen orokorrean, berriz, bosgarren postuan geratu ziren.

Bigarren kaletik egin zuen arraun atzoko estropada eremuan Orioko traineruak, eta hasieran estropadaburuan joan bazen ere, bigarren luzerako alde handia atera zion Santurtzik. Hirugarren iritsi zen Donostiarra, lehena baino 20 segundo beranduago eta, azkenik, alde handiarekin atzean geratu zen Urdaibai, Santurtzik egindakoa baino 49 segundo beranduago. Hala, Urdaibaik ligako sailkapeneko lidergoa galdu eta Orioren atzetik dago une honetan. Ohorezko txandan lehiatuagatik, zaila izan da hiru traineruentzat bigarren txandakoek egindako denborak hobetzea, eta txanda horretan atera den Hondarribiak irabazi du gaurko estropada. Hemen dago ikusgai gaurko sailkapena:

Zarauzko Ikurrina berezia da, ordea, eta atzo mirotzei kontuak aldapan gora jarri bazitzaizkien ere, gaur eguerdira arte ez da erabakita geratuko Ikurrinaren irabazlea.

Enbata 'play off' postuetan

Kosta ala kosta atzean utzi nahi ditu Enbatak sailkapeneko azken bi postuak, baina atzokoan ez zen posible izan. Lehen txandan atera ziren, laugarren kaletik, zarauztarrak Ares, Ondarroa eta Kaikuren aurka lehiatzera, eta ezustekoz betetako estropada osatu zuten. Giro haizetsuarekin egin zuten arraunean mutilek, iparraldeko haizeak gogor jotzen zuela. Bigarren eta hirugarren txandetan are nabarmenagoa izan zen itsaso nahasia, eta saltoka egin zuten aurrera traineruek.

Aurreneko txandako lehen bi luzeetan pare-parean ibili ziren Ares, Zarautz eta Ondarroa; une askotan, segundo beraren barruan hirurak. Segundoen dantza bizi horretatik kanpo geratu zen Zarautz, ordea, hirugarren luzean. Estropada buruan hasi zuen luzea, baina Ondarroako trainerua Zarautzen kalera sartu eta mugimendu arraro horren ostean atzeran geratu zen Zarautz. Ezin izan zion buelta eman egoerari Enbatak, eta, laugarren luzean, atzean geratzen joanzen pixkanaka. Segundoen dantzak ez zuen etenik izan ordea; inor gutxik espero bazezakeen ere, atzetik aurrerako estropada egin zuen Kaikuren eta Ondarroaren artean egon zen emozioz betetako lehen postua. Kaiku izan zen azkenean txandako garaile, eta bi hamarrenetara zeharkatu zuen helmuga Ondarroak. Zarautzek hamar segundo beranduago amaitu zituen lanak. Hemen dago ikusgai Enbataren txandako sailkapena:

1. Kaiku 21:42,2 
2. Ondarroa +0,3
3. Ares +2,4
4. Zarautz +9

Aurkari zuzenen atzetik geratu zen atzo Enbata, eta hurrengo bi txandetako emaitzek ere ez zuten zarauztarren alde egin; berriro itzuli dira azkenaurreko postura sailkapen orokorrean. 40 puntu dituzte zarauztarrek gaur gaurkoz, eta 41 Enbata baino postu bat gorago dagoen Aresek. Gaur beheko postuetatik ateratzeko beste aukera bat izango dute etxean. Hemen daude entzungai Jon Artola ZAEko lehendakariak estropada amaieran egindako adierazpenak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide