Bigarren urtez jarraian, Euskotren liga erdietsi du Oriok

Aritz Mutiozabal 2020ko abuztuaren 9a

Zarauzko Estropadak falta dira oraindik, bi jardunaldi, baina dagoeneko matematikoki Orioko emakumezkoak Euskotren ligako txapeldunak dira. Iazko balentria berretsi eta bigarren urtez jarraian lorpen preziatua bereganatu dute, gaur eguerdian Ondarroan estropada dotorea jokatu ondoren.

Orioko beren arraunketa bilatu du, eta hasiera-hasieratik tartea ireki du, aurkariekiko aldeak areagotuz. Oriotarrek gozatu egin dute arraunean, eta halaxe bukatu dute jardunaldia, bigarren sailkatu den Donostiarrari bederatzi segundoko aterata. Donostia Arraun 16 segundora sailkatu da eta Hondarribia, berriz, ia 50 segundora.

Aurrerapausoak Oriok eta Zarautzek

Nagusitasun osoz irabazi dute Orioko gizonezkoek Ondarroako Banderako ohorezko txandan, Urdaibairi 9 segundoko aldea aterata, Hondarribiari ia 15 segundo eta Santurtziri 26 segundo. Aitzitik, gaurkoan garaile Zierbena izan da, bigarren txandan irabazi eta jardunaldiko denbora onena jarrita. Oriotarrei gutxigatik ihesi zaie garaipena, baina proba bukaeran pozik agertu da Gorka Aranberri patroia, atzoko aldean, gaur arraunketa ona egin dutelako eta gustura aritu direlako uretan, baita beraien txanda irabazi dutelako.

Ligako sailkapen orokorrari begira, gauzak oso interesgarri jarri dira goiko taldeentzat; batez ere, Santurtzik bederatzigarren egin duelako gaur, eta Urdaibaik laugarren bukatu duelako. Horrek aukera eman dio Oriori aurrerapausoak emateko goiko postuetan: une honetan bigarren postuan kokatu da, 93 punturekin; lidergoan Urdaibaik jarraitzen du 97rekin, eta hirugarren zein laugarren Santurtzi eta Donostiarra daude, hurrenez hurren, 92na punturekin.

Gari Urangaren mutilak beren unerik onenean daude, eta gaur berriro erakutsi dute Ondarroako estropadan. Beheko postuetan aurkari zuzen dituen traineruen aurka azkenera arte lehiatzeko grina dutela erakutsi dute. Lekittarrarekin parez pare ibili da ia estropada guztian zehar, baina bizkaitarrak buru jartzen ziren tarteka, Ares eta Kaiku atzean geratzen joan diren bitartean. Azken luzean, ordea, Zarautz Baybautok ez du asmatu itzulerako kalearekin eta Lekittarrak hiru segundora ere jarri dira aurretik. Nolanahi ere, olatu eder bat ongi baliatuta, atzetik aurreraino joan da Enbata, txanda irabazita. Gainera, zazpigarren bukatu dute sailkapen orokorrean.

Alde horretatik, Zarautzek play-off postua den hamaikagarren tokia utzi du ligako sailkapenean, eta hamargarrena da asteburu bikain honen ondorioz. Une honetan, 38 puntu ditu; Ares jarri da bere atzetik, 36 punturekin, eta bere aurretik, bederatzigarren postuan, Ondarroa du puntu bakar batera, 39 punturekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide