Beste pauso erraldoi bat eman dute Orioko emakumezkoek Euskotren liga erdiesteko bidean. Iaz bezalaxe, aurten ere garaile izan dira Hondarribiko uretan, XII. Txingudiko Banderako estropada hasiera-hasieratik kontrolpean izanda. Hirugarren kaletik lehiatu dira, eta lehen luzeko lehen minutuan soilik eutsi diete gainerako hiru ontziek. Oriotarrek berehala hartu dute aurrea, eta Donostiarrarekiko 6 segundoko aldearekin eman dute ziaboga; Arraun Lagunak eta Hondarribia atzerago geratu dira. Jarritako erritmoari eutsiz, aise irabazi du Oriok.
Nadeth Agirre patroiak estropada bukaeran ETBri adierazi dionez, asteburu honetan erabakita utzi nahi dute liga; bihar eguerdian Ondarroan izango da jardunaldia. Izan ere, datorren astean Zarauzko Banderarekin bukatzen da liga, eta hori helburu gisa hartuta duten proba dela nabarmendu du, gustuko duten estropada dutela, hain zuzen ere.
Gainera, Laida Arrutik Euskotren ligako bere lehendabiziko bandera lortu gaurko garaipenarekin. Gisa honetan, taldeko arraunlari guztiek lortu dute gutxienez banderaren bat ligan.
Gizonezkoetan, Santurtzi garaile
Santurtzi izan da jaun eta jabe gaur arratsaldean Honbarribiko XXXIII. Banderan. Sekulako erakustaldia eman du Sotera traineruak ohorezko txandan, eta ligako lehen bandera erdietsi du; lider den Urdaibairekin berdinduta dago orain, 88 punturekin. Hain justu ere, Urdaibai bigarren izan da estropada berean, eta Orio hirugarren, segundo dezente galduta; luze bakoitzean aldeak areagotzen joan dira, gainera. Donostiarra, berriz, laugarren iritsi da.
Sailkapenean, aldiz, oriotarrak laugarren geratu dira; izan ere, bigarren txandan garaile izandako Hondarribia sailkatu da hirugarren. Une honetan, Orio hirugarren da ligako sailkapenean, eta 82na punturekin berdinduta dago laugarrena de Donostiarrarekin.
Hasiera-hasieratik estropada serioa egiteko borondatea ikusi zaio Zarautz Babyautori Honbarribiko XXXIII. Banderan. Lehen txandako lehen kaletik jokatu du estropada, eta lehen luze eta erdian buru joan da Ondarroa orpoz orpo izan duela. Ondoren, egoera aldatu egin da, eta ondarroarrak jarri dira aurretik, eta bigarren postuan jarri dira zarauztarrak hiruzpalau segundora Bazirudien Ares atzean geratzera zihoala, baina azken luzea benetan borrokatua izan da Enbataren eta Galiziako traineruaren artean.
Azkenenean, Ondarroak irabazi du lehen txandan eta Zarautz Babyautorentzat izan da bigarren postua; Ares sailkatu da hirugarren eta Kaiku laugarren, oso atzeratuta; sailkapen orokorrean bederatzigarren sailkatu dira Aresez gain, Lekittarra atzean utzita.
Beraz, Eusko Label ligako sailkapeneko beheko postuetako aldeak murrizteko pauso bat gehiago eman dute gaurkoan Gari Urangaren mutilek. Hamaikagarren postuan jarraitzen dute, 32 punturekin; Ares hamargarren dago 35 punturekin, Ondarroa bederatzigarren 37 punturekin eta Lekittarra zortzigarren 39 punturekin.