Gaur eguerdian Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu da Lekeitioko estropada eremuan, 12:00etatik aurrera. Eskualdeko hiru traineru izan dira lehian, eta ez dute garaipenik lortu.
Atzoko beroaren aldean, gaur eguraldi hobea izan dute arraunerako, baina itsasoa harro ibili da estropada guztian, mendebaldeko haize indartsuaren ondorioz. Hondoko itsaso handirik ez da izan, baina haize olatuak sortu dira ur-azalean. "Lantza giroa" aprobetxatuz, txalupek ikuskizuna eman dute, eta erabakigarriak izan dira poparean hartutako olatuak.
Orioko emakumezkoak txapeldunorde, Donostiarra garaile
Orioko neskek aurreneko kaletik egin dute arraunean, bigarren txandan. Lehen metroetan, Orio eta Donostiarra berehala jarri dira estropada buruan, Ondarroarekiko eta Lutxanarekiko tartea eginez.
Aurreneko ziabogan Oriok egin du denborarik onena, Donostiarekiko bi segundoko aldearekin. Hortik aurrera, bi txalupek borroka estua izan dute, eta poparean eskaini duten ikuskizuna apartekoa izan da, nor baino nor, olatu gainean.
Azkenean, helmugatik 300 metro eskasera, Donostiarra lau segundo aurretik jarri da primeran jotako olatu bati esker, eta Oriok ez du aurrea hartzerik izan.
Emakumezkoen sailkapen orokorra:
1. Donostiarra 11:28,27
2. Orio 11:32,08
3. Arraun Lagunak 11:46,61
4. Tolosaldea 12:06,47
5. Ondarroa 12:13,22
6. Deustu-Bilbo 12:25,90
7. Isuntza 12:29,10
8. Lutxana 12:43,34
Zierbenak bandera gizonezkoetan
Orio AEk eta Zarautz AEk gizonezkoen lehen txandan egin dute arraunean, Bermeorekin eta Ondarroarekin batera aritu dira.
Lehen luzean segundo bateko aldearekin aritu dira arraunean Orio eta Bermeo, eta denbora bera markatu dute ziabogan. Itzulerako lehen luzearen erdialdean, bi traineruak parean zirela, Urdaibaik 9 segundoko tartea atera dio Oriori olatu eder batekin, baina bigarren ziabogara iristerako, txalupa horiak tartea errekuperatzea lortu du. Biek denbora berdina markatu dute bigarren ziabogan ere. Hirugarren luzean ez da alde handirik izan, eta Urdaibaik segundo bateko tartearekin eman du azken ziaboga. Itzulerako bigarren luzearen erdialdetik aurrera, ordea, Bermeok erakustaldia eman du, eta helmugan 12 segundoko aldea atera dio Oriori.
Zarauzko arraunlariek lehia estua izan dute Ondarroarekin. Elkarren ondoan ibili dira denbora luzez, eta azken luzean egindako lan onari esker helmugan aurretik sartu da Enbata.
Gizonezkoetan ere bigarren txandan erabaki da bandera, eta Zierbenak nagusitasunez lortu du garaipena.
Gizonezkoen sailkapen orokorra:
1. Zierbena 20:29,56
2. Hondarribia 20:42,57
3. Donostiarra 20:48,43
4. Bermeo 20:55,48
5. Santurtzi 21:06, 62
6. Orio 21:08,19
7. Zarautz 21:41,07
8. Ondarroa 21:44,61