"Bada garaia euskal presoen familiakoei, seme-alabei, gurasoei eta lagunei ezartzen zaien zigorrarekin eta sufrimenduarekin amaitzeko; bizirik eta etxean nahi ditugulako", adierazi du euskal preso eta iheslarien Etxerat elkarteak. Hargatik, salbuespenezko espetxe politikaren berehalako eta behin-betiko amaiera eskatuko dute Euskal Herriko 16 hondartzatan egingo dituzten mobilizazioetan. Tartean, Zarautzen: 12:00etan elkartuko dira Musika Plazan, ondoren hondartza aldera joateko.
"Euskal gizarteak aurrera egin nahi du konponbidean eta bakean, bizikidetzan, eta, beraz, ezin dugu onartu estatuek ehunka familien sufrimenduari eustea; izan ere, milaka pertsonek jarraitzen dute espetxe-salbuespenaren ondorioak jasaten", adierazi dute oharrean.
Hona hemen Euskal Herriko deialdia:
- Bizkaian:
- 12:00etan: La Arena, Laga, Laida, Lekeitio eta Ondarroa
- 12:30ean: Bakio
- 13:00etan: Ea eta Laidatxu
- Gipuzkoa:
- 12:00etan: Donostia, Hondarribia, Mutriku, Orio, Zarautz eta Deba
- Lapurdi:
- 12:00etan: Hendaia eta Donibane Lohitzune