Larrañaga eta Txikia IV.a, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalera

Julene Frantzesena 2020ko uztailaren 26a

Mikel Larrañagak Urrezko Aizkolarien Banakako XXIII. Txapelketaren finalerako txartela eskuratu zuen atzo Beizaman. Illaunpe pilotalekuan neurtu zituen indarrak Eneko Otaño beizamarraren kontra, eta lanak hark baino azkarrago bukatuta, finalean izango da.

Erlojuaren kontrako lana egin beha izan zuten aurrena, eta 45 ontzako enborra ebakitzeko 59 segundo behar izan zituen Larrañagak. Minutu bat eta hamabi segundo, berriz, Otañok. Bigarren egitekoa, abiadura lana –65 ontzako enborra ebaki–, azkarrago egin zuen Otañok; izan ere, hark bi minutu eta 35 segundo behar izan zituen lana egiteko, eta Larrañagak zazpi segundo gehiago, hau da, bi minutu eta 42 segundo. Lanerditara aritu ziren segidan, eta hamazazpi minutu eta 28 segundotan amaitu zituen lanak azpeitiarrak; aldiz, hemezortzi minutu eta hemezortzi segundotan Otañok.

Larrañagak 21 minutu eta bederatzi segundotan amaitu zituen finalerdiko lan guztiak, Otañok baino 56 segundo gutxiagotan, alegia. Hori dela eta, datorren igandean, abuztuak 2, Aian jokatuko duten finalean (12:00) izango da azpeitiarra. Hain zuzen ere, Iker Vicente eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra izango ditu parez pare txapelaren bila ariko diren lehian. Iaz ere hiru aizkolari horiexek neurtu zituzten indarrak finalean, eta Vicente nagusitu zen.

Txikia IV.ak asteazkenean lortu zuen finalera sailkatzea, Ugaitz Mugertza Mugertza II.a mendean hartuta. Ubideko (Bizkaia) udal pilotalekuan jokatu zuten finalerdia, eta aizkolari azkoitiarrak 21 minutu eta 35 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko.

Harrijasotze finalak ere erabakita
 
Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa ere iritsi da bukaerara, eta igandean izango da lehia horren finala ere. Aian nor baino nor ariko dira Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarra. Horiekin batera lehiatuko da Urdax Magunazelaia ere.
 
Atzo Beizaman aritu ziren finalerako txartelaren bila Urdax eta Urra. 125 kikoko zilindroari hemezortzi jasoaldi, 125 kiloko kubikoari hamahiru altxaldi eta 125 kiloko bolari hamahiru jasoaldi egin zizkien Urdaxek; hau da, guztira 44 altxaldi egin zituen harri horiekin. Urrak, berriz, 42 aldiz altxatu zituen harriok: hogei aldiz zilindroa, hamalau aldiz kubikoa eta zortzi aldiz bola.
 
Emakumeen Harrijasotze Txapelketako lanak egin zituen atzokoan Karmele Gisasola Zelai III.ak. Hark 63 kiloko zilindro zaharra hogei aldiz jaso zuen, 63 kiloko kubikoa bederatzi aldiz eta 63 kiloko bola hogei aldiz. 49 altxaldi egin zituen orotara, eta Aiako finalean izango da Zelai III.a ere. Harekin batera ariko dira lehian Virginia Finol eta Udane Ostolaza oriotarra.

Hona hemen, atzoko irudi batzuk (Argazkiak: Ibon Errazu):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide