Oriora eta Urdaibaira joan dira gaurko banderak

Onintza Lete Arrieta 2020ko uztailaren 25a

Emakumezkoetan, oriotarrek bosgarren garaipena eskuratu dute. Gizonezkoetan, berdinduta ibili dira sekulako lehia erakutsiz Orio, Santurtzi eta Urdaibai, baina azkenean bermeotarrak nagusitu dira, eta hirugarren egin du Oriok. Zarautzek, berriz, ez du asmatu gaurkoan, eta azkena sailkatu da.

Euskotren eta Eusko Label ligak jokatu dituzte gaur arratsaldean Bilboko itsasadarrean. Marea behean zela jokatu dituzte estropadak, eta hamar segundoko tartea utzita abiatzerako trainerutik trainerura. Gizonezkoetan, txanda batetik bestera ederki aldatu dira joko-eremuaren baldintzak. Zarautz lehenengoan lehiatu da, eta Orio, berriz, azkenekoan, ohorezko txandan. 

Emaitza gazi-gozoak lortu dituzte eskualdeko taldeek. Orioko emakumezkoek, esaterako, ligako bosgarren garaipena eskuratu dute. Erraz nagusitu dira, gainera. Bestalde, gizonezkoetan lehia handia egon da goiko taldeen artean. Orio hasieratik hasi da fin, eta Santurtzirekin parekatuta ibili da. Lan erdiak eginda, oriotarrak ziren onenak. Gero, baina, Urdaibaik sekulako erakustaldia eman du, eta aurre hartu die Oriori zein Santurtziri. Lau segundoko aldea egon da bi talde bizkaitarren artean, eta oriotarrak hirugarren  izan dira azkenean, sei segundora.

Behealdean, berriz, Zarautz gaizki ibili da, eta azkena sailkatu da. 

Gaurko jardunaldia baino lehen, Santurtzi 63 punturekin zen lider Eusko Label ligan, Orio bigarren 58 punturekin, Donostiarra hirugarren 55 punturekin, eta Zarautz hamaikagarren, 18 punturekin, azken postuko Kaikuk baino hiru puntu gehiagorekin. Orain, Santurtzik jarraitzen du lehen postuan 74 punturekin, bigarren da Orio 68 punturekin, baina gerturatu egin zaio Urdaibai, 66 puntu lortuta.

Orio erraz nagusitu da Euskotrenen

Emakumezkoetan, Hondarribia atera da aurrena lehiatzera, Donostiarra bigarren, eta Orio hirugarren. Donostia Arraun, izan ere, ez da lehiatu gaurkoan, arraunlariak PCR proben emaitzen zain daudelako.

Marea behe-behean zegoela jokatu da estropada, eta haizeari eta korronteari kontra egitea tokatu zaie. Diferentzia handia egon da, horregatik, joanean eta etorrian. Itzulera azkarrago egin dute. Dena den, Orio nagusitasunez gailendu da, Donostiarrari 12 segundo aterata. Ziabogan ere, 7 segundoko aldea atera dio bere aurkari zuzenari. Gaurko estropadara arte, 22 puntu zituen Oriok eta 18 Donostiarrak. Hirugarrenak, Donostia Arraunek, 11 bakarrik. Gaur, aldea handitu egin du Oriok.

Hauek dira denborak: Oriok 10:44, Donostiarrak 10:57 eta Hondarribiak 11:07.

Zazpigarren jardunaldia jokatu dute gaur Bilbon, eta horietatik bost estropada irabazi dituzte. Bilbon garaipena lortu orduko entzun dira herrian itxaperoak.

Amaitu berritan, ETB1en egin dituzte adierazpenak Iosu Esnaola OAEko presidenteak eta Sandra Piñeiro arraunlariak. Pozik ziren biak. Iosu Esnaola: "Arratsalde borobila izanez hasi da, eta ea horrela segitzen duen. Pausoz pauso joan behar dugu erotu gabe, baina gaurko estropada oso garrantzitsua zen, eta nagusitasunez irabazi da gainera, beraz, gustura gara". Kazetariaren galderari erantzunez, Esnaolak jakinarazi du oriotarrak ez direla izango aurten Espainiako Txapelketan, harako txartela eskuratu zuten arren, koronabirusak eragindako egoera dela eta.

Piñeirok, berriz, esan du "estropada gogorra" izan dela: "Bero handia pasa dugu, erriora haizerik ez zelako sartzen, eta gogorra izan da. Aurreko astean ez genuen sentsazio onik eduki, eta beraz, gaurko garaipenagatik nahiko gustura gaude. Aurten maila bertsua dago batzuen eta besteen artean, eta batzuetan irabaziko dugu, baina besteetan...". Donostia Arraun taldekoak ere gogoratu ditu Piñeirok: "Liga hau laukoa da, ez hirukoa. Beraiek falta dira, eta azkar itzultzea espero dut, faltan botatzen ditugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide