Ainhoa Lakuntza-Irati Tolosa bikoteak irabazi du XII. Paleta Txapelketa

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 24a, 15:15

30-13 nagusitu ziren atzo, Zinema pilotalekuan, Saioa Iraola eta Maialen Manterolaren aurka. Garbiñe Tijero-Alaitz Badiola sailkatu ziren hirugarren, eta Jone Iruretagoiena eta Mireia Aizpuru laugarren.

Azken emaitzak (30-13) bestelakoa irudikatzen badu ere, lehiakorra izan zen benetan atzo arratsaldean Zarautzen jokatu zen Emakumeen XII. Paleta Txapelketako finala. Ainhoa Lakuntza zizurkildarrak eta Irati Tolosa zarauztarrak lortu zuten garailearen txapela, baina Saioa Iraola zarauztarrak eta Maialen Manterola aiarrak osatutako bikoak ez zizkien gauzak batere erraz utzi, eta azken unera arte borrokatu zuten.

Partida nagusiaren aurretik, 3. eta 4. postuak erabakitzeko norgehiagoka izan zen jokoan. Jone Iruretagoiena eta Mireia Aizpuru zarauztar gazteek eskarmentu handiko bikote bat izan zuten aurrez aurre, Garbiñe Tijero hernaniarra eta Alaitz Badiola azpeitiarra, eta kasu honetan, esperientzia gailendu zen. Tijero-Badiola nagusitu ziren 30-17ko emaitzarekin, Iruretagoiena-Aizpururen aurka.

Zinema pilotalekuan jokatu zen, ateak publikoari itxita, baina parte-hartzaileen gertukoek bertaratzeko gonbidapen berezia izan zuten. Era berean, bertan izan ziren Zarauzko Udaleko Kiroletako zinegotzi Leire Arana eta Zarautz Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantes.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide