Urdaibaik eta Donostiarrak irabazi dituzte Orioko estropadak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uztailaren 19a

Biek ala biek lan txukuna egin badute ere, ez dute izan atzokoaren moduko arrakastarik Orioko traineruek. Zarauzko 'Enbata'k, berriz, emaitza kaskarra lortu du gaurkoan.

Ohi bezala, emakumezkoen lehiak eman dio hasiera gaurko TKEko arraun jardunaldiari. Ligaren ekuatorea zeharkatu dute dagoeneko Euskotreneko arraunlariek, eta gero eta garbiagoa da lehia Donostiarraren eta Orioren artean egongo dela. Gaur donostiarrek bigarren bandera eskuratu dute, eta oriotarrek lau dituzte dagoeneko.

Orio lehen kaletik atera da itsaso zabaleko estropadan, ura bare samar zela. Lau kaleetako bat hutsik zela jokatu dute, Arraun Lagunak taldeko arraunlari batek koronabirusaren proban positibo eman duelako; orain taldekide guztiei egin behar diete proba.

Apurka-apurka Donostiarra trainerua Oriorekiko aldea handitzen joan da, eta bigarren luzearen amaierarako zazpi segundoko aldea atera diete oriotarrei. 10:51ko denbora egin dute donostiarrek, eta Oriok 10:59koa. Hondarribia oso atzetik heldu da helmugara, donostiarrak baino 30 segundo beranduago (11:22).

Xabier Sukiak ETBri esan dio estropada "gogorra" izan dela, baina Ligari begira erregulartasuna oso garrantzitsua izango dela, eta horretan ongi dabiltza oriotarrak.

Gaurko puntuen banaketaren ostean, Donostiarrako Nadia Tubiok lidertza kendu dio Nadeth Agirreri patroi onenaren lehian.

Euskotren Ligako sailkapena

  1. Orio (22 puntu)
  2. Donostiarra (18 puntu)
  3. Donostia Arraun Lagunak (11 puntu)
  4. Hondarribia (10 puntu)

Gizonezkoen lehiari dagokionez, denboraldiko lehen bandera erdietsi du gaur Urdaibaik. Lehia estua izan da ohorezko txandan, hirugarren ziabogara arte pare-parean joan direlako Urdaibai, Orio eta Santurtzi. Azken luze ikusgarria egin dute bermeotarrek, eta txanda eta bandera irabazi dituzte. Oriotarrek bigarren zeharkatu dute helmuga ohorezko txandan, Urdaibaik baino zortzi segundo beranduago. Hirugarren heldu da Santurtzi, eta oraindik banderarik irabazi ez badute ere, Eusko Label Ligako lider izaten jarraitzen dute.

Jon Salsamendi entrenatzailea gustura agertu da arraunlariek egindako lanarekin eta estropada "oso polita" izan dela uste du. Santurtzik lidergoari eutsi ahal izateko ondo jokatu duela azaldu du Salsamendik, eta uste du beharbada kaltetu egin duela Orio banderaren bila itsu-itsuan ateratzeak.

Zarauztarrak, atzo estropada bikaina egin ostean, apalago aritu dira Orion. Bigarren txandan atera da Enbata, eta laugarrena izan da helmuga zeharkatzen, lehenengo heldu den Hondarribia baino 35 segundo beranduago. Hondarribiaren atzetik iritsi dira bigarren txandan, hurrenez hurren, Donostiarra eta Cabo.

Eusko Label Ligako sailkapenean play off-eko postuan, 11., jarraitzen du Zarautz-Babyautok ligaren herena igaro berri denean.

8. Orioko Kanpina Banderako sailkapena

  1. Urdaibai (20:10.41)
  2. Hondarribia (20:12.76)
  3. Orio (20:18.86)
  4. Santurtzi (20:24.77)
  5. Donostiarra (20:26.26)
  6. Cabo (20:26.80)
  7. Zierbena (20:28.90)
  8. Ares (20:30.31)
  9. Lekittarra (20:35.40)
  10. Ondarroa (20:43.08)
  11. Kaiku (20:45.54)
  12. Zarautz (20:48.39)

Eusko Label Ligako sailkapena

  1. Santurtzi (63 puntu)
  2. Orio (58 puntu)
  3. Donostiarra (55 puntu)
  4. Urdaibai (54 puntu)
  5. Hondarribia (47 puntu)
  6. Zierbena (44 puntu)
  7. Cabo (38 puntu)
  8. Lekittarra (30 puntu)
  9. Ares (24 puntu)
  10. Ondarroa (22 puntu)
  11. Zarautz (18 puntu)
  12. Kaiku (15 puntu)
 

Ezohiko irudiak utzi dituzte aurtengo Orioko itsaso zabaleko estropadek. Koronabirusaren azken egunetako datuek kezka piztu dute, eta ez da zaleturik bertaratu arraunlariak animatzera. Ikusgai dauden irudiak Arnaitz Rubio argazkilariak jasotakoak dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide