Gaur arratsaldean Getxon jokoan zeuden bi banderak eskuratu dituzte oriotarrek. Lorpena handia bada ere, ezingo dute herrian ohiko ongietorriekin borobildu, osasuna babesteko neurriak direla eta. Zarauztarrak ere gustura egoteko moduan dira gaur, estropada dotorea egin baitu Enbatak. Lehen txanda irabazi dute, eta zazpigarren postua lortu dute jardunaldiko sailkapenean.
Euskotren ligako Orioko arraunlariak izan dira lehenak arraunean egiten. Laugarren kaletik jokatu du Oriok, giro haizetsuarekin. 10:53ko denbora eginda irabazi du lehia, Donostiarrari hiru segundoko aldea aterata. Hiru segundoko zigorrarekin hasi dute donostiarrek estropada, epaileek lehen irteera baliogabetzat eman dietelako. Hala, amaierako sailkapenean sei segundo atera dizkio Oriok donostiarrari (10:59). Hirugarren sailkatu da Arraun Lagunak (11:01), eta laugarren Hondarribia (11:15). Sailkapen orokorrean ere buruan jarraitzen dute oriotarrek.
Xabier Sukia elkarteko ordezkaria gustura agertu da estropadaren amaieran, eta ETBri azaldu dio gogoan dituela 80ko hamarkadan lehen arraunkadak eman zituzten emakume haiek. Gaineratu du "pena" ematen duela banderak irabazi eta ezin ospatzeak, herriari ezin eskaintzeak, baina, garbi du dagoena ez dela jolasa, eta errespetatuko dituztela arau guztiak.
Nadeth Agirre oriotarrak jantzi du beste jardunaldi batez patroi onenaren kamiseta. Gaurkoan punturik eskuratu ez badu ere, sailkapenean aldez aurretik zuen errenta nahikoa izan da. 9 puntu ditu momentuz oriotarrak, eta 8 bigarren postuan den Donostiarrako Natalia Tubiok.
Euskotren Ligako sailkapena
- Orio (19 puntu)
- Donostiarra (14 puntu)
- Arraun Lagunak (9 puntu)
- Hondarribia (8 puntu)
Orioko gizonezkoei dagokienez, estropada erregularra egin dute gaur Getxon. Lehen kaletik egin dute arraun, eta 19:42ko denborarekin, lehen postua erdietsi dute oriotarrek. Estu-estu izan dute jarraika Santurtzi; 19:44ko denbora egin dute bigarrenek. Urdaibai izan da hirugarren ohorezko txandan (19:48), eta Donostiarra laugarren (19:59). Santurtzik oraindik banderarik irabazi ez badu ere, Orioren aurretik da Eusko Label Ligako sailkapen orokorrean, 54 punturekin. 48rekin, bigarren doaz mirotzak.
Martxel Aldai arraunlaria elkarrizketatu du ETBk estropada amaitu berritan, eta azaldu du "pozgarria" dela txikitako lagunekin bandera irabazi ahal izatea. Izan ere, harrobiko bederatzi mutil hautatu ditu gaur Jon Salsamendik estropadari aurre egiteko.
Zarautz-Babyautok, berriz, mendean hartu du lehen txanda, lan handia eginda; 20:18ko denboran amaitu ditu lau luzeak. Pare-parean hasi dute estropada Enbatak eta Aresek, baita txandako lehiakide izan dituen Kaiku eta Ondarroak. Bigarren luzean gerora atzean geratu den Aresi hiru segundoko aldea ateratzea lortu dute zarauztarrek, baita besteei ere, eta hirugarrenean luzean aldeak sendotu dituzte gainontzeko hiru taldeekiko. Azken ziabogatik Kaikuri bost segundo ateratzen zizkiola atera da Enbata, eta laugarren eta azken luzean aldea handitzea lortu du.
Lehen txandan Kaiku izan da bigarrena helmuga zeharkatzen, 20:23ko denborarekin; hirugarren izan da Ondarroa (20:30), eta laugarren Ares (20:31). Aitzol Garro Zarauzko patroiak ETBri esan dio "uste zutena baino hobeto" aritu direla gaurkoan, eta gakoa arraunean "luze" egitea izan dela, izan ere, luze eta fin aritu da Zarautz Babyauto. Estropada ona eginagatik, aurrerago dituztenekiko puntuak berreskuratu arren, 11. postuan jarraitzen dute zarauztarrek Eusko Label Ligako sailkapenean, 17 punturekin.
Getxoko 42. Ikurriñeko sailkapena
- Orio (19:42.26)
- Santurtzi (19:44.62)
- Urdaibai (19:48.80)
- Zierbena (19:54.52)
- Donostiarra (19:59.24)
- Hondarribia (20:04.22)
- Zarautz (20:17.88)
- Cabo (20:23.44)
- Kaiku (20:23.88)
- Ondarroa (20:30.56)
- Lekittarra (20:30.88)
- Ares (20:31.60)
Eusko Label Ligako sailkapena
- Santurtzi (54 puntu)
- Orio (48 puntu)
- Donostiarra (47 puntu)
- Urdaibai (42 puntu)
- Zierbena (38 puntu)
- Hondarribia (36 puntu)
- Cabo (31 puntu)
- Lekittarra (26 puntu)
- Ares (19 puntu)
- Ondarroa (19 puntu)
- Zarautz (17 puntu)
- Kaiku (13 puntu)