Gaur eguerdian, Eusko Label Ligako taldeek Petronor Bandera izan du jokoan Zierbenan, eta ez da Orioren eta Zarautz Babyautoren estropadarik finena izan, zortzigarren eta hamabigarren postuan sailkatu baitira, hurrenez hurren.
Orio ohorezko txandan aritu da, laugarren kaletik, baina ez du lortu jarraitzea estropadaren buruan jarri diren Santurtziren eta Donostiarraren erritmoa. Laugarrena izan da bere txandan Lekittarraren atzetik, baina, hirugarren txandan arraunean egin duen Hondarribiak bandera irabazi duenez, zortzigarren sailkatu dira oriotarrak sailkapen nagusian. Hala, gaurko estropadako puntuak kontuan hartuta, Eusko Label Ligako sailkapenean hirugarren postuan kokatuta dago Orio, liderra den Santurtzirengandik zazpi puntutara.
Zarautz
Zarautz Babyauto, berriz, atzo, 7. postuan sailkatu zenez, gaur bigarren txandan arraunean egin du Zierbenan. Enbata ontziak aurkari indartsuak izan ditu bere txandan, Urdaibai, Zierbena eta Cabo, hain zuzen ere. Dena dela, bizkaitarrak hasieratik estropadaren buruan jarri dira, eta alde egin dutenez, zarauztarrek burua hotz mantendu behar izan dute eta beren estropada egin, Cabo erreferentziatzat hartuta. Azkenean, Enbata bigarren txanda irabazi duen Zierbenarengandik 39ra segundora sailkatu da, eta 12.na izan da estropadako sailkapen nagusian.