Hirugarrena izan da Orioko traineru nagusia Donostiako estropadan

Aiora Larrañaga 2020ko uztailaren 11

Zarauzko txalupak lan ona egin du Donostiako estropadan eta zazpigarren sailkatu da. Hori dela eta, bihar bigarren txandan jokatuko du.

Traineruak saltoka eta zipristinka ibili dira gaur Donostian, badia barruan giroa lasai bazegoen ere, Aquariuma pasa dutenean, itsaso nahasia eta haize kolpeak aurkitu baitituzte arraunlariek. Ohorezko txandan aritu da Orioko gizonezkoen traineru nagusia, Donostiarra, Santurtzi eta Urdaibairekin batera, eta lehen luzean indarrak nahiko berdinduta egon badira ere, Donostiarra estropadaren buruan jarri da nabarmen, eta gainontzeko traineruak atzean utzi ditu. Azkenean, Orioko gizonezkoen ontzia hirugarren sailkatu da ohorezko txandan, eta hirugarrena izan da sailkapen nagusian ere.

Bestalde, Zarautz Babyautok lan ona egin du gaur Donostian. Gari Uranga entrenatzaileak hainbat aldaketa egin ditu traineruan; besteak beste, duela hamar urteko eskifaian goi mailan aritu zen Eki Illarramendi  arraunlari beteranoa estribor hanketik jarri du zarauztarrak. Eta badirudi asmatu duela, Zarautz Babyautok estropada lan egin baitu gaur Donostian. Bigarren sailkatu da hirugarren txandan, eta zazpugarrena izan da sailkapen nagusian

Lehia estua jokatu dute Lekittarrak eta Zarautzek estropada osoan zehar; arraunlariek haizea eta itsaso nahasia topatu dituzte estropada eremuan, baina ederki eutsi dio Zarauzko traineruak. Estropadaren buruan jarri den Lekittarraren pare-parean ibili da 2-3 segunduko tartea mantenduz. Azken luzean, ordea, poparean hainbat arazo izan dituzte zarauztarrek korrontearen eta olatuen indarrari aurre egin eta traineruari zuzen eusteko, eta segundutxo batzuk galdu dituzte ahalegin horretan. Dena dela, bigarren sailkatu da Zarautz Eusko Label Ligako hirugarren txandan, eta zazpigarrena izan da sailkapen nagusian.

Gainera, jardunaldia borobiltzeko, Zarautz Babyauto taldeko patroi Aitzol Garrok patroi onenaren maillota ere jaso du gaurko estropadan.

DONOSTIAKO ESTROPADAKO SAILKAPEN NAGUSIA

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide