Gaur, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak sare sozialetan pandemia aurretik ateratako Orioko EH Bilduren argazki bat erabili du -albiste honetan ikus daitekeena-, EAJren hauteskunde kanpainako beste argazki batekin alderatzeko eta, testuinguru berrian, hartu behar diren babes neurriak zein diren gogorarazteko. Hala, Orioko EH Bildu eta Anuska Esnal Orioko alkatea haserre agertu dira, eta salatu dute "koronabirusa bezalako gai baten aurrean jokabide hori izatea salagarria" dela. Bestetik, gogorarazi dute argazkia pandemia aurrekoa dela, martxoaren 5ekoa, hain zuzen ere, Arraunetxen egindako ekitaldi batekoa.
Zalaparta sortu duen argazkian agertzen dira Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia, Anuska Esnal Orioko alkatea eta Itziar Murua Zarauzko EH Bilduko bozeramailea.