Oriotarrak nagusi Coruñako uretan

Urola Kostako Hitza 2020ko uztailaren 5a

Orioko neskek Bandeira Cidade da Coruña bereganatu dute, denboraldiko lehen bandera. Orioko mutilek, berriz, gaur erdietsitako garaipenarekin lidergoan jarri dira, Santurtzirekin berdinduta. Zarautzek, atzo bezala, hamaikagarren bukatu du gaurkoan ere.

Sendotasuna erakutsi dute Orioko traineruek Euskotren eta Eusko Label ligen hasiera honetan. Atzo erakutsitako nagusitasun berarekin irabazi dute gaurkoan ere emakumezkoek, eta, ondorioz, Coruñako bandera, denboraldiko lehena, etxera ekarri dute. Gizonezkoek, berriz, gazi-gozoarekin geratu ziren atzo, laugarren postuan sailkatuta, eta bandera lortzeko lehian segundo asko galduta. Baina gaur estropada galanta jokatu dute, bigarren jardunaldia irabaziz, eta sailkapen orokorrean buru jarri dira, nahiz eta bandera Santurtzik bereganatu duen. Zarautzek, berriz, hamaikagarren postuan bukatu du gaur ere.

Bandeira Cidade da Coruñako bigarren jardunaldiko estropada jokoan, Orioko neskak buru jarri da berehala gaurkoan ere. Banderaren lehian aurkari izan ziteken Donostiarra, ordea, atzean geratu da, eta orpoz orpo Hondarribia izan du; horiekiko aldea handia zen, 18 segundoko, trapua lortzeko bidean. Ziaboga hartu eta poparian aldeak handitu ditu Oriok, eta irmo irabazi du, 11:29,26ko denborarekin, nahiz eta Donostiarrak aldeak murrizten joan den eta bigarren sailkatu den, 4,90 segundora. Hirugarren Hondarribia izan da, 6 segundora, eta laugarren Arraun Lagunak, 21 segundora. Azkenean, atzoko sailkapena errepikatu da gaurkoan.

Oriok talde trinkoa duela erakutsi du, eta, gainera, harrobiko lanari garrantzia ematen diola nabarmen geratu da asteburu honetan. Izan ere, Edith Urangak, Luda Davidenko eta Lukene Lizasok egin dute debuta Oriorekin.

Alde eskasarekin

Oso denbora tarte estuagatik irabazi dute Orioko gizonezkoek Bandeira Cidade da Coruñako bigarren jardunaldiko estropada, 20:45,44ko denborarekin. Donostiarrak oriotarren denbora bera egin du, baina 10 milaren-segundo eskas gehiago behar izan du, eta hirugarren sailkatu den Santurtzik segundo bat gehiago egin du. Orio ohorezko txandan lehiatu da, bandera lortzeko bi faboritoekin; hau da, Hondarribiarekin eta Santurtzirekin. Oriotarrak, ordea, hasieratik bukaeraraino agindu dute uretan, estropada bikaina osatuz. Banderarik lortu ez arren, jardunaldiko garaile izan dira, eta 12 puntuak bereganatu dituzte, sailkapen orokorrean lider jartzeko baliagarriak izan zaizkienak; une honetan Santurtzirekin berdinduta dago 21na punturekin, baina jardunaldi bat irabazi duenez Oriori dagokio lidertza.

Zarautzek ez du egun ona izan. Atzo bezala gogotsu uretaratu dira Gari Urangaren mutilak, eta lehen bi luzeetan Kaikuri eta Aresi eusteko gai zirela erakusten ari baziren ere, hirugarrenera bete egin dira. Hortik aurrera ezin izan diote aurkarien erritmoari eutsi, eta aldeak handitzera jo dute. Azkenean, beraien txandako laugarrenak izan dira, 21:24,14koarekin; Ondarroak irabazi du, bigarren Ares izan da eta hirugarren Kaiku. Gaurko estropadan, atzo bezala, hamaikagarren izan da; ezustekoa emanez, Hondarribiak egin du jardunaldiko denborarik okerrena. Gainerakoan, Eusko Label ligako sailkapen orokorrean azken postuan dago Zarautz 4 punturekin.

Hona hemen Zarautz-Babyautoko arrunlari Joanes Elizondoren balorazioa, Coruñan jokatutako Eusko Label ligako lehen bi jardunaldien ondoren:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide